San Joan bezperako ospakizunak nonahi izango ditugu ostegun honetan. Baita Zubietako plazan ere, gaur arratsaldeko 20:00etan hasita. Oraingoan, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituzte halabeharrez. Ostiralera arteko epea baitago, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztua duen 2017-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorrari alegazioak aurkezteko. Alegaziook Zubietako plazan ospatuko diren ekimenetara eraman ditzakezue, edota Zubietako Herri Batzarrak Alamandegi ondoan duen postontzian utzi.
"Ahal den gehienak aurkeztea beharrezkoa da", zioten Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek, Gipuzkoa Zutikek aurreko larunbatean Zubietan egindako bisitaren baitan gai honi buruz antolatu zen solasaldian.
Maiatza hasieran, Eusko Jaurlaritzak erraustegia eraikitzeko eman asmo zituen baimenen aurka 4.000 errekurtso baino gehiago aurkeztu ziren bi eguneko tartean. Oraingoan ere gauza bera egitera animatzen gaitu aipatu mugimenduak, baita Zubieta Lantzenek. "Dakizuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak GHHKPO (Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorra 2017-2030) aurkeztu du, non hondakinen kudeaketa erdiz-erdi baldintzatuko lukeen errauste planta bat aurreikusten den. Hori dela eta, alegazio eredua bidaltzen dizuegu (euskaraz eta gaztelaniaz) bete eta aurkezteko. Ahalik eta alegazio gehien aurkeztea komeni da, beraz, zabaldu mezu hau zuen inguruko guztien artean", adierazi dute email bidez.
Inprimakiak bete eta aurkeztu
Ekainaren 24ra arteko epea dago, egun bakarra geratzen da honenbestez. Albiste honi segidan atxikita doazkizue alegazio eredua euskaraz nahiz erderaz betetzeko ereduak. Inprimatu, zuen datu pertsonalekin osatu eta ostiral hau baino lehen bideotatik erregistratu:
-Gipuzkoako Foru Aldundiaren Erregistro Bulego Orokorrean (Donostiako Gipuzkoa plazan), 08:30-14:00 artean.
-Ekainaren 23an, 20:00-22:00 artean, Zubietako plazan San Joanetako ospakizunera eramanda.
-Ekainaren 23a baino lehen, Zubietako Herri Batzarreko postontzian sartuta (Alamandegi ondoan).
Alegazio ereduak:
Alegazioa aurkeztuz honakoa eskatuko da:
BAT. Balio gabetu ezazu “Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa estrategikoaren hasierako agiriak” osorik eta baliogabetzat deklaratu itzazu bere baitan daramatzan lau dokumentuak: “Hasierako Zirriborroa”, “Hasierako Dokumentu Estrategikoa”, “Formularioa V. Eranskina” eta “I. Eranskina. Prognosiaren gaurkotzea”.
BI. Hasieratik abiarazi ezazu berriro Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa.
HIRU. Plan orokor horretan parte hartzera deitu itzazu hondakinen kudeaketan interesa duten parte interesatu guztiak: erakundeak, enpresak, elkarteak, taldeak eta herritarrak (Ni barne). Parte hartze garden eta demokratiko batekin zehaztu dezatela Gipuzkoako hondakinak nola kudeatu era garbi, osasuntsu, justu, merke eta iraunkorrenean.
LAU. Geldi arazi itzazu Zubietako errauste planta abiarazteko prozesua eta lanak, Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor on bat egin ahal izan dadin.
2019rako erraustegia martxan izatea aurreikusten du
Aldundiaren plan honek erraustegia eraikitzea aurreikusten du eta hitzez hitz dioenez, "2019 erdialdean abiaraziko dela aurreikusten da". Aldaketarik ez bada, legegintzaldi honen amaieran, berriz ere udal eta foru hauteskundeak ospatu daitezkeen urte garaiaren bueltan. Ordura arte, plana onartzen den unetik 2019rako tartean, "hondakinak kudeatzeko alternatibak aztertuko dira". Alternatibak, erraustegia martxan jarri arte noski. Kudeaketa plan berriak, 2030erako hau da, 14 urte barrurako gaikako bilketa %65era igotzea aurreikusten du. Gogoan izan, Usurbilen, atez ateko bilketari esker, hilabete gutxiren buruan %28tik %80tik gorako gaikako bilketa izatera igaro ginela, eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat txertatuta. Aldundiak aurkeztu duen eta alegazio epean den planaren zirriborroa esteka honetan irakur dezakezue osorik: GHHKPO 2017. Informazio gehiago: http://www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/pigrug