Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igande honetan izango dira. NOAUA!n, inkesta modukoa egin dugu udaletxean ordezkatuta dauden alderdien artean. EHBildukoak adierazi digutenez, “Euskal herritarron interesak defendatzera goaz Madrilera eta estatuko nazio zapalduen eta sektore herritarren alde lan egitera”.
NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira ekainaren 26ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?
EHBildu. Ekainaren 26ko hauteskundeak garrantzitsuak dira herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko; horrela hartzen ditugu eta hori islatu nahi izan dugu ere zerrenden berrikuntzarekin. Aukera guztien alde lanera doan euskal enbaxada izango gara. Herri honen aniztasuna eta aukerak erakutsiko ditugu. 23 hautagai aukeratzen dira Hego Euskal Herrian Madrilera joateko; aukera ditzagun hemen han ordezkatuko gaituzten hautagaiak.
Euskal herritarron interesak defendatzera goaz Madrilera eta estatuko nazio zapalduen eta sektore herritarren alde lan egitera. Aukerak zabaltzera goaz, estatuan aldaketa demokratikorako aukera txikiena badago, hura bultzatzeko.
Balio bikoitza izango du gure aldeko bozkak. Alde batetik Estatuan aldaketa lortzeko aukera egonez gero hor egongo gara aldaketa hori posible egiteko. Rajoy-PP, edota oraingo estatus quo antidemokratikoa mantendu nahi duten bestelako alderdiak / operazio politikoak jokoz kanpo uzteko aukera txikiena ere balego, hor egongo gara lortzeko. Eta horrekin batera estatuan benetako aldaketa demokratikoa gauzatzeko.
Madrilen erabakitzen diren gauza askok eragin zuzena eta sakona dute gure herrian eta gure herriaren etorkizunerako. Beraz, EH Bilduk, ezker soberanistak, presentzia indartsua izatea zeharo garrantzitsua da euskal agenda aktibatzeko, euskal herritarren agendari lehentasuna emateko.
Esparru guztietan lan egingo dugu -pentsioak, Garoña ixteko, frackinga debekatzeko, nafar legeen eta EAEko legebiltzarrak onartutako aurkako helegiteei aurre egiteko, LOMCE eta Mozal Legea bertan behera uzteko,...- euskal herritarren interesak eta lehentasunak defendatzeko. Euskal agenda hemen, EHn adostu beste alderdi eta eragileekin eta Madrilen borrokatu.
Lege atzerakoien aurkako ahotsa izango gara. LOMCEren aurrean euskal hezkuntza sistema defendatuko dugu, Mozal legearen aurrean adierazpen askatasuna, lan erreformaren aurrean gure lan harreman estilo propioa.
Eraldaketa sozialerako proposamenak ordea, babestu eta zabalduko ditugu. Langile pobreak sortzen dituen eredua eraldatu behar dugu, prekarietatearekin bukatu eta herritar guztiontzat bizi baldintza duinak berreskuratu.
Erabakitzeko eskubidea eta independentziaren proiektu politikoa zabalduko ditugu. Independentzia, herri bat garelako eta sentimenduek hori eskatzen digutelako. Eta independentzia baita hobeto bizitzeko, estatu espainola gure bizitza baldintzak hobetzeko oztopo delako.
Bakegintzan eta bizikidetzan aurrera egiteko aukerak bilatuko ditugu. Presoen bozgorailua ere izango gara.
EH Bildu bermea bakarra da Euskal Herrian defendatzen dena eta Madrilen egiten dena norabide berean jartzeko, eta berdina izateko, bestelako interesengatik hemen hartutako erabakiak aldatu edo baldintzatu gabe.
Asko dugu esateko. Atzo bezala, gaur eta bihar ere defendatuko ditugunak. Batu zaitez zeu ere eta begira diezaiogun etorkizunari ilusioz eta irribarretsu, aldaketarako aukerak zabalduz!