#E26 EAJ-PNV: “Ekainaren 26an Euskadiren alde bozkatuko dugu berriro”

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 23a, 11:31

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igande honetan izango dira. NOAUA!n, inkesta modukoa egin dugu udaletxean ordezkatuta dauden alderdien artean. EAJ-PNV alderditik adierazi digutenez, “Madrilgo Parlamentuan zein Senatuan zuek ordezkatu nahi zaituztegu, bertan jorratzen diren eta Euskadirekin zerikusia duten gaiak babesteko eta hobetzeko”.

 

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira ekainaren 26ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

EAJ-PNV. Sei hilabeteren ondoren zuengana gatoz berriro ere. Sei hilabete, zeinetan bata eta bestearen jarrera ikusita, hiru ondorio atera daitezkeen: Gobernu bideragarri bat eraikitzeko 4 alderdi politikok erakutsi duten gaitasun eza; politika zaharra eta ustezko berriaren arteko ezberdintasun eza, eta zuen iritzia eta konfidantza bost axola izatea.

Alderdikeriaz eta berekoikeriaz, marra gorriz eta modu txarrez beteriko sei hilabete izan dira eta, tamalez, jarrera horrek abiapuntura eraman gaitu berriro ere. Eta Madrilen dena hankaz gora dagoen bitartean, orain sei hilabete guk egin genizuen proposamenak indarrean dirau: hara joan eta zuentzako lan egitea. Madrilgo Parlamentuan zein Senatuan zuek ordezkatu nahi zaituztegu, bertan jorratzen diren eta Euskadirekin zerikusia duten gaiak babesteko eta hobetzeko.

Horretarako ari gara. Hori da gure eginkizuna eta ilusioa. Eta horretarako, datorren ekainaren 26an zure babesa eskatu nahi dizugu, Euskadiren ahotsa Madrilera eraman ahal izateko.

Gure programari dagokionean, besteak beste ondorengo ekintza arloak proposatzen ditugu:

1. Autogobernuan aurrera egitea eta Estatuarekiko harreman estatus politiko berria adostea. Euskadiren nazio aitortzan eta erabakitze eskubidearen erakundetzean oinarrituta.

2. Ekonomian eta aurrekontuetan suspertze ekonomikoarekin eta gizarte babesarekin bateragarria izango den egonkortasunaren aldeko apustua egitea.

3. Euskal Ekonomia Ituna eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmena defendatzea.

4. Bidezkoak eta duinak diren pentsioak defendatzea: kudeaketa Euskadira ekartzea. Langile autonomoen babesa hobetzea. Gizartean sortu diren arrisku berriei aurre egitea (diru sarrerarik gabeko familiak, langile txiroak, eta abar). Urratsak ematea errenta basikoko sistemarako bidean.

5. Eredu produktibo berria, politika industrialaren eta berrikuntzaren alde egingo duena. Horrek era berean exijitzen du lan harremanetarako marko propioa izatea, gure gizarte kohesio eta elkartasun baloreekin bat eginik.

6. Gure eskuduntza esklusiboak errespetatzea exijitzea. Ezin digute hezkuntza, osasun, administrazio publiko edo segurtasun eredurik inposatu. Espetxe politikan, gizarte segurantzan eta beste hainbat alorretan bete gabe dauden eskuduntzak geureganatzea. Gure kirol selekzioen aitortza.

7. Giza Eskubideen eta berdintasun politiken defentsa. Segurtasun alorrean salbuespen neurriekin amaitzea eta estatuko segurtasun taldeen presentzia murriztea, Ertzaintza polizia integral gisa hedatzeko.

8. Euskal aireportu, trenbide eta portu sistemak finkatzea.

9. Ingurumenaren jasangarritasun eta iraunkortasuna sustatzea eta klimaren aldaketari aurre egitea (Kioto). Ekonomiaren lehiakortasunari lagunduko dion argindar merkea bermatzea. Argindarraren autokontsumoa eta energia berriztagarriak sustatzea.

10. Gardentasun eta balore kultura sustatzea.