#E26 PSE-EE: “Beste eredu sozial, ekonomiko eta fiskal batekin gobernatzea posible da”

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 23a, 11:30

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igande honetan izango dira. NOAUA!n, inkesta modukoa egin dugu udaletxean ordezkatuta dauden alderdien artean. PSE-EE alderditik adierazi digutenez, “Zapateroren Gobernuak egin bezalaxe, enpresa txiki eta ertainen onerako izango diren proiektu berritzaileak eta lehiakorrak sustatu nahi ditugu, I+D+I delakoa bere egin dezaten”.

 

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira ekainaren 26ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

PSE-EE. Alderdi sozialistako kideok herritarren motibazioa eta ilusioa errekuperatu nahi dugu, PSE-EE (PSOE)-ren alde bozkatuz Rajoyren PP alderdia menderatu dezagun. Era horretan, erakutsi dezagun posible dela beste eredu sozial, ekonomiko eta fiskal batekin gobernatzea, krisiari irtenbide justuago eta demokratikoago bat eman ahal izateko, sakrifizioen banaketa orekatuz.

Lau urte luzez elkarrizketaren aurkakoa izan den eta politika antisozialak inposatu dituen gobernu bat pairatu eta gero, Euskadiko eta Gipuzkoako jendarteak lagun izango den gobernu bat behar du Madrilen. Pedro Sanchezen moduko presidente bat behar dugu, elkarrizketaren bidea zabaldu dezagun, elkar ulertzea posible izan dadin, garrantzia handiko auzietan adostasunera iritsi gaitezen, Euskadin eta Gipuzkoan arlo sozial eta politikoan kohesio  maila handiagoak bermatu daitezen.

Alderdi Sozialistako kideok Gipuzkoa plural, solidario, berritzaile eta elkarrizketatzaile baten ahotsa ordezkatu nahi dugu Madrilgo Kongresuan. Horregatik, Gipuzkoako jendartearen interes orokorraren alde, neurri esanguratsu hauek defendatuko ditugu datozen lau urteetan: Enpresa handien inguruko behatokia sortzea bultzatuko dugu, enpresaren beraren zabalkundean lagungarri izan dadin eta, enpresen gatazkak, itxiera egoerak edo deslokalizazioak garaiz aurreikusteko.

Alderdien eta eragile sozialen artean adostutako lan erreforma bideratu, enpleguan ematen den prekarietatea amaitu dadin. Eta era berean, gutxieneko soldata interprofesionalaren igoera esanguratsu bat eman dadila.

Euskal autogobernuaren inguruan pendiente geratu diren transferentzien inguruan elkarrizketa eta negoziazioa bultzatuko dugu, Renferen aldiriko trenen kudeaketari dagokion transferentziari lehentasuna emanez, eta bien bitartean, tren-geltokietan eta geralekuetan hobekuntzak egin daitezen.

Kontzertu Ekonomikoaren hitzarmen adostuaren defentsa eta errespetua. Kupoaren bost urtez behingo legea  eguneratzeko, bi aldeen arteko konpromisoa adosteko ahalegina gure eginez.

Langabetuei dagokien prestazio-tasa handitzea, pentsioen sistema publikoa bermatu, euren erosketa ahalmena ziurtatu dadin, eta lehentasun izaeraz, baxuagoak diren pentsioak handitu, baita alargunsaria ere. Kontribuziozkoak ez diren pentsioen jarraikortasuna ziurtatu.

Bakea eta herritarren arteko elkarbizitza askea sendotu, Biktimen Memoria defendatuz terrorismoaren deslegitimazioan aurrera eginez, ETAren disoluzioa lortuz, eta terrorismoaren garaiari buruzko errelato demokratikoa indartuz.

Pendiente geratu diren lizitazioak bultzatu eta Euskadin jada esleituta dauden abiadura handiko trenen inguruko obrak amaitu.

Hauek dira Gipuzkoako diputatu sozialistek bere egin dituzten proposamenetako batzuk. Gardentasunetik, gertutasunetik, zintzotasunetik, Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Gobernuaren artean konplizitateak eta akordioak bilatu, erronkei hobeto heldu eta elkarlanean garapen ekonomikoari buruzko egitasmoak martxan jarri ahal izateko. Euskadi eta Espainiaren arteko akordioa eta elkarbizitza hobea ziurtatzeko estrategia. Gipuzkoako lurraldearen kohesio sozialaren alde.