Ekaineko azken ostirala gaur, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzeko eguna. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Ekimen gehiago iragarri dituzte baita, ate joka ditugun jaietarako ere.
Espetxean 25 urte betetzear ditu Xomorrok
Olanoneko plaza, Potxoenea kultur etxetik Kale Nagusira jaisteko, eliza ondoan dagoen plazatxoa biziberritzen hasi dira azken aldian. Ikastola Egunari begirako ekitaldietako baten kokalekua izan zen. Datozen jaiotan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia egiteko hautatu du gune hau. Uztailaren 2an izango da, larunbatez, arratsaldeko 20:00etan. Herrian falta direnak gogoan hartuko dituzte ekitaldian; Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta abuztuan espetxean 25 urte beteko dituen Xabier Aranburu “Xomorro” Santixabeletan nahi dituztela aldarrikatuko dute. Aspaldi kalean behar zuen aginagarrak, gaurkoz, 2017ko martxoan du aske geratu eta etxeratzeko data. “Abuztuaren 17an Xomorrok 25 urte egingo ditu kartzelan. Hori dela-eta, ekitaldian bereziki izango dugu gogoan preso aginagarra, besteren artean, bere bertso eta poemen bidez”, iragarri dute antolatzaileek.
Santixabel eguna aurten, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna ere izango da, kantu-jira, zikiro jan eta aipatu ekitaldi honekin. Kantu-zikiro janari loturiko azken egunotako oharra; antolatzaileek berri eman dutenez, txartelak dagoeneko agortu dira.
Datozen mobilizazioak
Ekainak 24, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Uztailak 2, larunbata
12:00 Kantu-jira Kuxkuxtu txarangakoekin, Aitzagatik abiatuta.
14:00 Kantu-zikiro jana Askatasuna plazan.
20:00 Ekitaldia eta pintxo-potea Olano etxeko plazatxoan. Euria balitz, Askatasuna plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.