Erraustegiaren aurka sutan diren gipuzkoarren irudiak, San Juan bezperan

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 24a, 10:46

Gipuzkoa Zutikek San Juan bezperako ospakizunetara maskarilekin jantzita agertu eta erraustegiaren aurka mobilizatzeko eginiko deialdiak oihartzun zabala izan du. #SutanGaude traolarekin sare sozialetan ikusgai dagoen irudi mordoa, horren guztiaren adierazgarri. Zubieta, Oiartzun, Ataun, Eibar, Lasarte, Urnieta, Hernani, Arrasate... zutitu dira bart erraustegiaren aurka. Sutan direla adierazi dute, eta sutan jarri dituzte sare sozialak. Maskarilekin asko, kalejiran irten ziren Lasarten, errauskailua sutara botatzen zutela irudikatu zuten Arrasaten, San Juan suaren bueltan maskarilekin dantzan egin zuten Hernanin edota Lasarten, herritarrak informatzeaz gain erraustegiak jendarterako dakarren kaltea irudikatu zuten Oiartzunen, bizitzaren aldeko pankartaren atzean bildu zen eibartar, urnietar edota ataundar mordoa...

San Juan gaua, bizitzaren aldeko eta erraustegiaren aurkako gaua ere izan dela adierazten duten adibide batzuk baino ez dira honakoak. Gipuzkoa Zutikek maiatzaren 29an abiaturiko dinamika herrialde osora zabaltzen hasia denaren adierazgarri.

Asanblada asteazkenean

Hain zuzen, fase berrian da Gipuzkoa Zutik. Udako ekimenak zehazteko asanblada deitu dute hurrengo asteazkenerako, ekainaren 29rako. Egunotan egin dituen asanbladetan berriz, Donostiako kanpaldi iraunkorrari amaiera eman eta dinamika herrietara zabaltzea erabaki dute:

"Gipuzkoa Zutik ez da bukatu, hasi besterik ez da egin. Donostiako plazak hartu ditugu eta gehiagora goaz, ilusioz bete garelako eta gure artean saretu garelako. Lotara etxera goaz, loa eta elkarren zaintza ezinbestekoa dugulako. Eta etxera goaz kaleetan ekintzak egiten jarraituko dugulako, asanbladetan elkartuko garela ziur gaudelako.

Honekin etapa berri bat hasten da, erraustu gabe Gipuzkoan sua zabalduko duena. Jaietan egongo gara, udan zehar indarrak batuko ditugu. Irailean bueltatuko gara eta erraustegiaren obrak geldituko ditugu, proiektu bidegabe guztiak geldituko ditugu.

Erraustegia geldituko dugu,

Ustelak lurpera bizitza da handiena."

"Hurrengo asteazkenean elkartuko gara udako ekimenak zehazteko. Bitartean herri dinamikak eta #SutanGaude aurrea.

Gipuzkoa Zutik

Facebook: Gipuzkoa Zutik

Twitter: @GipuzkoaZutik

Buruntzaldea Zutik

Twitter: @buruntzazutik

Irudiak: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.