Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldiarekin batera, bigarren mobilizazio bat ere antolatu da jaietarako; pil-pilean dugun hondakinen kudeaketari loturikoa. Txosna batzordea ere erraustegiaren aurkako borrokara batuko da abiatzear diren festetan. Santixabelak ofizialki abiatu aurretik, ekainaren 30ean, 18:30etan erraustegiaren aurkako manifestazioa antolatu dute. Mikel Laboa plazan kokatua egongo den txosna gunetik abiatu eta Kaxkoko kale nagusiak zeharkatuko ditu. Txosna batzordeak eginiko bileretako batean bururatu zitzaien mobilizazio hau antolatzeko ideia, erraustegiaren aurka dagoen borroka ikusita. Herritarrei mobilizaziora batzeko deia egiten diete.
Herritarren agerraldi jendetsua
Espainiako Gobernuak Udalari debekaturiko herri galdeketarekin zer egin erabakitzeko, Erraustegia Erabakia herri plataformak deitutako batzarra egin zen aurreko larunbatean Udarregi Ikastolan. Bileran parte hartu zutenek, baiezkoa eman zuten, aho batez onartu zuten galdeketa antolatzea. Erabaki gehiago ere hartu zituzten. Erraustegia Erabakia herri plataformatik NOAUA!ri berri eman diotenez, galdeketa egunak finkatu dituzte; hiru egunez izango da, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an. Usurbilen eta Zubietan egingo da galdeketa. Eta galdetuko dena, 1.185 herritarrek sinadura bidez eskatu zutena; “Erraustegia egitea nahi al duzu?”. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute.
Batzarrean, galdeketa antolatzeko lan talde ezberdinak osatu zituzten. Hartu duten erabakiaren, hau da galdeketaren berri agerraldi batez emango dute jaietan. Uztailaren 2an, usurbildarren jai egun handian, Santixabel Egunez, 13:00etan udaletxe aurreko plazan. Galdeketa antolatzeko ardura herritarrek hartuko dutenez, herritarren agerraldi jendetsua izatea nahi dute uztailaren 2koa. Gonbita luzatua dago beraz.
Galdeketa jorratzen ari den bidea
2015/10/30: Erraustegia Erabakia herri plataformaren agerraldi aurkezpena, Mikel Laboa plazan.
2015/11/07: Erraustegia Erabakia jendaurrean aurkezteko lehen batzarra egin zuten Potxoenean.
2015/11-2016/01: Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko sinadurak biltzen aritu zen herri plataforma.
2016/01/30: 1.185 usurbildarren sinadurak bildu ostean, sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkion Erraustegia Erabakia herri plataformak.
2016/02/23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketa eta galdera onartu zituzten gehiengo osoz: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".
2016/03/04: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.
2016/05/13: erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.
2016/05/19: debekuaren aurrean, Usurbilgo Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuliko diela jakinarazten du.
2016/06/18: Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuli ostean, batzar irekia deitu zuen Erraustegia Erabakiak. Aho batez galdeketa egitea onartu zuten, galdeketa egunak finkatu, lan batzordeak osatu...
2016/07/02: Usurbilgo herri galdeketaren berri emateko agerraldi jendetsua deitu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Herritarrei jaietako egun handian hitzordu honetan parte hartzera deitzen zaie.
2016/09/30-2016/10/02: erraustegiari buruzko herri galdeketa irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an, Usurbilen eta Zubietan. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".