Futbol eta eskubaloi taldeen denboraldi agurreko ospakizunak larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 24a, 09:00

Akabo, 2015-16 denboraldiak berea egin du, herriko kirol taldeentzat. Ohi bezala, Kalezarko jaiekin egokituz, oporraldi aurreko ospakizun eguna izango dute larunbat hau:

Usurbil F.T.-k larunbatean ospatuko du, 2015-16 denboraldia agurtzeko eguna, jolas, bazkari eta futbol klubeko kideak bilduko dituen afarian. Dagoeneko halere, 2016-17 denboraldira begira da Usurbil F.T. 40 urte beteko dituen denboraldi berezia ospatzeko ekimenak izango dira, baina honez gain, indarberrituta ekin nahi diote kirol urte berriari. Besteren artean, nesken futbola sustatzeko ahalegin berezia egin nahi dute. Aurreko astean, proba moduko entrenamendu saio bat deitu zuten, kirol jarduera honetan aritu nahi duten neskekin. Datorren asterako finkatu duten bileran eskainiko dituzte argibide gehiago:

Datozen deialdiak

Ekainak 25, larunbata

11:00 Futbol Eskola eta errendimendiko alebinekin jolasak Oiardo Kiroldegian.

Eguerdian, bazkaria Askatasuna plazan.

Gauean, Atxega Jauregian afaria Usurbil F.T.-ko kideekin.

Ekainak 29, asteazkena

18:00 Datorren denboraldian nesken taldeak osatzeko bilera Haranen.

Denboraldi amaieran da eskubaloi taldeen elkartea. Ohi bezala, festa giroan agurtuko dute 2015-16 ikasturtea larunbat honetan, ekainaren 25ean, elkarte kideen arteko lagun arteko eskubaloi partiden eta sariak banatuko dituzten herri afari baten bueltan. Ekainaren 25ean ospatuko duten egunean, herri afaria antolatu dute Askatasuna plazan.

Estitxu Berasategi Eizagirre, Europara

Espainiako Selekzioko hitzorduetan parte hartzeko gonbita jaso du berriz. Oraingoan ordea, urrutira doa:

-Ekainaren 26tik uztailaren 9ra Suediara Europako Txapelketa jokatzera.

-Uztailaren 15etik 17ra Kroaziako Torneoa jokatzera.

-Eta uztailaren 18tik abuztuaren 1era Eslovaquiara, Munduko Txapelketan parte hartzera. Uda mugitu askoa datorkio Usurbil K.E.-ko jokalariari.

Bi usurbildar, eskubaloi garaipen handietan

Ohorezko mailan lehiatu den Bera Bera taldeak ligako txapeldun amaitu du. Talde kideen artean da Esther Arrojeria. C.D. Bidasoa talde irundarra berriz, eskubaloiko maila gorenera, Asobal Bauhaus ligara igo da. Talde horretako kapitaina ere usurbildarra dugu; Asier Zubiria. Zorionak bioi!