Udaberriko asteburu gauak girotu dizkigun futbito txapelketako finalak jokatuko dira gaur frontoian, eta amaieran sari banaketa. Jaien atariko urteroko beste kirol hitzordu bat ospatuko da aurretik; pala txapelketaren amaiera. Gipuzkoako gurpildun aulkiko pala txapelketaren seigarren edizioa amaitu berri den honetan, azken urteotan egin duten moduan, jaiak girotzen hasteko pala modalitate honetako erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dugu igandean, 17:00etan hasita frontoian. Gizonezkoen eta emakumezkoen pala txapelketen finalekin batera, kirol egokituko saio ikusgarria izango dugu ekainaren 26an. “Animatu eta etorri ikustera”, luzatu dute gonbita antolatzaileek.
Binaka jokatuko den neurketan, bi usurbildarrek parte hartuko dute; Beñat Lizasok eta Iurgi Olasagastik. Badira urte batzuk halako erakustaldia egiten dutela jaien atarian, Pagazpe Pilota Elkartearen baitan dagoen kirol egokituko sailak antolatuta. “Denontzako topaketa” izaten dela diote. Ekitaldi parekide eta inklusiboa.
Horregatik, eredu honetan sakontzea beharrezkotzat jotzen dute. Kilometroak urtean inklusibitatearen eremuan abiaturiko lanketa, gaineratzen dutenez, “ezin da hor geratu”. Segida eman behar zaiola diote. Atzera begira jarrita ordea, pixkanaka bada ere, aurrerantz goaz Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziotik aipatu digutenez. Bai behintzat gaia gizarteratu eta kontzientziate mailan.
Gainera, esaterako, jarduera honetan, gurpildun aulkiko pala modalitatean parte hartzeko jendea geroz eta interes handiagoa erakusten ari da. “Geroz eta jende gehiagok praktikatzeko asmoa erakusten du, interesa handitzen doa”, azaldu digute antolatzaileek.
Ekainak 26, igandea
17:00 Pala Txapelketa. Kirol egokituen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
22:00 Futbito txapelketako finalak.
Amaieran, sari banaketa.