Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, geure hizkuntza doan ikasi ahal izateko urrats garrantzitsua eman du Usurbilgo Udalak. 2015-16 ikasturtean euskara ikasten aritu direnek, euskaltegian matrikulatzeko ordaindutako diruaren %100a bueltan jaso dezakete (gehienez 500 euro), eskaerak egiteko epea ireki berri duten udal diru laguntzetara aurkeztuz gero. “Aipatutako portzentaiak gutxitu egin daitezke aurkeztutako eskaeren arabera. Hau da, diru-laguntzetarako dagoen dirua baino eskaera handiagoa bada, proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuko da”, ohartarazi dute Udaletik. Aurreko urteetan %60-80 arteko laguntza ematen zuen Udalak. Argi denez, inbertsioa handitu du oraingoan. Iazko udal aurrekontuetan, 16.000 euro bideratu ziren laguntzotara; aurtengorako, 24.000 euroko partida gorde du Udalak.
2015eko irailetik 2016ko abuztuaren 31ra eginiko ikastaroak babestuko ditu diruz; ikastaroak, barnetegiak, autoikaskuntza… “Usurbilgo Udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari”.
Baldintzak
Udal diru laguntzok jasotzeko Usurbilen erroldatua egotea ezinbestekoa izango da; gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea); euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharreko gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Eta orain arte, diru-laguntza deialdi honetan finkatu edo zehaztu gabe zegoen baldintza berri bat; 16 urtetik gora izatea.
Eskaerak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, ekainaren 27tik uztailaren 8ra, bi egunok barne. Aurkeztu beharko den dokumentazioa; diru-laguntza eskari normalizatua; eskatzailearen NANaren fotokopia; matrikularen ordainagiria; %80ko asistentziaren edo autoikaskuntzaren aprobetxamenduaren egiaztagiria.
Aisialdiko ikastaroak egin dituztenentzako laguntza
Euskarako udal diru-laguntzekin batera, aisialdikoak eskatzeko epea ere astelehen honetan zabaldu da. Bi astas, uztailaren 8ra arte tramitatu ahalko dira eskabideak udal erregistroan. 2015-16 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak euskaraz egin dituztenentzat zuzendua dago deialdi hau. Euskarako laguntzen kasuan bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrek aurkeztu ahalko dituzte eskabideak, Usurbilen erroldatuak daudenek. Ezinbestekoa izango da ikastaroa Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea, eta euskaraz egin izana. Eta “ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea”.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa: eskaria bera, NAN fotokopia, matrikularen ordainagiria, ikastaroan matrikulatu izanaren agiria edota atal teorikoa gainditu izanaren Aisialdi Eskolaren ziurtagiria.
Kasu honetan, aurreko urteen antzera, matrikularen %50 itzuliko da. Begirale ikastaroaren kasuan, gehienez 250 euro; aisialdiko zuzendari ikastaroen kasuan, gehienez 170 euro. Iaz bezala, 1.700 euroko partida gorde du Udalak udal aurrekontuetan, laguntza hauetarako.
Tramitazioa
Diru-laguntza batzordeak kudeatuko ditu bai euskara eta aisialdiko laguntza eskaerok. Hartzen duten erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, eta gero alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea zabalduko da. Tokiko Gobernu Batzarrak hartuko du gai honen inguruko azken erabakia.
Diru laguntzon oinarriak, ekainaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu zituen. Esteka honetan kontsulta ditzakezue:
Euskarako udal diru-laguntzen oinarriak