Edalontzi berrerabilgarri berriak jaietan

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 28a, 14:30

Plastikozko edalontzi berria, gardena, ikurrik gabekoa, herritar askoren eskutan ikusiko ditugu abiatzer diren Usurbilgo jaiotan. Txosnetan trago bat eskatuz gero, edaria edalontzi honetan zerbitzatuko digute. Jende asko ibiltzen den orduetan baita tabernetan ere. Bestela, edaritegietan beirazkoak lehenetsiko dituzte. Hala adostu dute, Usurbilgo tabernariek, Hurbilago Elkarteak, Usurbilgo Udalak eta txosnaguneko antolatzaileek. Kilometroak jaialdirako eta gerora, jai hauei begira eginiko lanketa eta elkarlanaren emaitza da ekimen hau.

“Kilometroetako funtzionamendu ona ikusita, denon ahalegin eta borondatearekin herriko festetetan ere basoak berrerabili ditzakegula pentsatzen dugu. Denek baso berrerabilgarri berdina erabiliko dute eta edalontzia berri bat izango dugu aurtengo Santixabeletan. Edalontzi berrerabilgarria, tabernariekin batera adostutakoa, edalontzi garden eta ikurrik gabekoa izango da. Modu honetara, txosna eta tabernan hartzen dugun basoa ondorengo tabernan ere utzi edo erabili ahal izango dugu. Beraz,  herritarron ardura ere izango da, edalontzi hauek berriz ere erabili ahal izateko tabernariei itzultzea eta hondakin gutxiago sortzea”, ohartarazi dute. Eragileok “Usurbilen hondakinen kudeaketan arduratsuak izaten badakigula askotan erakutsi dugu” diote, eta jaietan ere beste hainbeste egitera animatzen gaituzte. “Ondo pasa hondakinik gabeko Santixabelak!”, desio diete jaietan murgilduko direnei.