Astearte goiz honetan hasi zaigu itxuraldatzen, jai giroan murgiltzear dugun herri hau. Udal langileak aritu dira, Dema plaza alderik alde zeharkatzen duten zintzilikagarri gorri ezagunak jartzen. Santixabelak ate joka ditugula, hortxe lehen zantzua. Baina mugimendu gehiago izango da hurrengo egunotan. Txosna gunea egokitzen hasiko dira. Gogoan izan, iaz Askatasuna plazatik Mikel Laboa plazara eginiko leku aldaketa arrakastatsua suertatu zela, eta iaz balantze baikorra egin ostean, txosna batzordeak kokagunea mantentzea erabaki du. Honenbestez, txosnak frontoi atzean kokatuko dituzte jaiotan.
Dantzarako maskota
Ezin ahaztu ezta, jaietan zaindari lanak egiten dituen maskotaz ere. Jokin Eizagirre usurbildarra arduratu da aurten ere sortze lanetaz. Egileak sekretupean du maskotak izango duen itxura. Laster ezagutuko dugu ordea. Bi xehetasun aurreratu dizkigu Eizagirrek; batetik, jaiak hasterako ikusiko dugula, eta dantzarako maskota izango dugula aurten. Horraino, ezin esan besterik. Laster ezagutuko dugu, usurbildarrak landu duen maskota. Jaiak amaitu arte gure artean izango da. Igande gaueko 23:00etan ospatuko den azken trakan agurtuko dugu, aurtengoan jaiei ekiteko ohorea izango duen Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldea prestatzen ari den ikuskizunaren bueltan.
Futbito txapelketako finalak
Igande gauerako aurreikusiak zeuden arren, asteazken gauean jokatuko dira udaberriko asteburuak girotzen aritu den Futbito Txapelketako finalak:
Ekainak 29, asteazkena
21:00 Tintenfischen-Lasprex
22:00 SOGT-Aitzaga LIBRE
Amaieran, sari banaketa.
Zapia jantzi
Urteko hainbat ospakizunetan lepondoan ondo asko atondua eraman izan ohi dugun zapia prestatzen joan. Azken urteotan egin ohi duen moduan, Jai Batzordetik zapi koadrodun urdinarekin jaietan murgiltzera gonbidatzen gaituzte. Janzkeran ere nabari dadila herriko jaietan gaudela.