Ingemarren etorkizuna bermatuko duen plana diseinatu eta aktibatzea eskatu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 28a, 20:08

Enpleguaren alde eta Usurbilgo planta ixtearen aurka, greba mugagabean dira Ingemarreko langileak duela hiru astetik. Goiz eta arratsalde lantegi atarian bilduta segitzen dute. Kinka larrian den Atalluko lantegia desagertzeak herri osoarentzako galera litzatekeela eta itxiera arrisku horri "herri gisa erantzun behar diogu" dio, EHBildu udal taldeak astearte honetan egin den osoko ohiko bilkuran aurkeztu duen mozioak. Udalbatzak aho batez onartu duen adierazpenak, langileei elkartasuna adierazi, laguntza eskaini eta bereziki, enpresako akzionista eta zuzendaritzari arduraz jokatzea eskatzen die. Premiazkotzat jotzen dute lantegiaren etorkizuna bermatu eta langileen baldintzak errespetatuko dituen bideragarritasun-plan sendo bat diseinatu eta aktibatzea.

Mozioko eskaerak

1-Usurbilgo Udalak elkartasuna eta animoa helarazi nahi die langileei, eta aha duen neurrian laguntzeko konpromisoa hartzen du.

2-Agente guztiei eskatzen diegu arduraz jokatzeko, bereziki enpresaren akzionistei eta zuzendaritzari. Inork ezin du bere erantzukizuna ezkutatu.

3-Premiazkoa da bideragarritasun-plan sendo bat diseinatzea eta aktibatzea. Plan horren diseinuan parte hartzeko aukera eman behar zaie langileei, eta beraiekin adostu behar da. Era berean, beharrezkoa da administrazio publikoaren inplikazioa, plan hori aurrera ateratzeko eta inbertitzaile baten bilaketa errazteko.

4-Plan horrek Usurbilgo plantaren etorkizuna bermatu behar du, bertako enpresaren izaera zainduz, eta ez kanpoko interesei men eginez.

5-Plan horretan langileen baldintzak eta eskubideak errespetatu egin behar dira.

Langileen esker ona

Udal talde guztiek mozioa babestu eta elkartasuna adierazi diete langileei, eta orain arte bezala, alkateak elkarlanean segitzeko asmoa erakutsi du. Ingemarreko lan taldeko bost kide izan dira udalbatza aretoan. Guztien izenean eskerrak helarazi dizkiete udal ordezkariei. Aurreratu dutenez, inbertsore batekin biltzekoak dira asteazken honetan, nahiz bizi duten egoera zaila bideratzeko esperantza gutxi duten.