Ekainak 28 ditu astearte honek, LGTB+ Kolektiboaren eta Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna da. Eta egun honen harira, EHBilduk aniztasun eta identitate sexualen alde aurkezturiko adierazpena onartu du Usurbilgo Udaleko udalbatzak aho batez, gaur arratsaldean egin den osoko bilkuran. Diskurtso eta kontzientziatze mailan aurrera egin den arren, oraindik orain kolektibo honen eskubideen aldeko defentsan jarrera aktiboa izaten eta elkartasun mozioak babesten segitzera behartuak daudela adierazi du alkateak. Udal ordezkari guztien babesa jaso duen adierazpenak ere gauza bera dio, izan ere, nazioartean bezala, "Hego Euskal Herrian oraindik ere homofobia, lesbofobia eta transfobiaren erasoak egunerokoak dira: kaleko eraso fisiko zein ahozkoak, Euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta eduki multimedia sexistak...".
Errealitate honen aurrean, "politika instituzionalak pertsona lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubide politiko, ideologiko eta zibil oro babesteko norabidean joan behar dira, oinarrizko askatasun printzipioaren baitan. Era berean, hauen aurkako eraso, jazarpen edota errepresio oro gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar du, eta horrelakoak errepika ez daitezen, bere eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko lituzke, prebentziorako, detekziorako, asistentziarako eta laguntzarako protokolo baten lanketa egiteko. Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitze bidean, Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen du Usurbilgo Udalak", onartu berri duten udal adierazpenak dioenez.