Euskal preso eta iheslari ohiei babesa emateko sortutako elkarteak aldi baterako egoitza Usurbilen izango du, Etumeta-AEK euskaltegiak hutsik duen bulego batean. Lokala, euskaltegiko gainerako bulegoena bezala Udalarena da. Eta honenbestez, Udalak erabaki du udal hau aldi baterako lagatzea; zehazkiago esanda, eta Harrera Elkarteak eskatu bezala, urtebeterako. Beste urtebetez luzagarri izango dena. Lokala uztea astearteko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, gehiengo osoz, EHBildu eta EAJko udal ordezkarien aldeko bozkekin. PSE-ko ordezkaria abstenitu zen.
Etorkizuneko egoitza Zarautzen
Aipatu moduan, Harrera Elkarteak Usurbilen izango duen egoitza behin behinekoa izango da. Zarautzekoan egiten ari diren lanak amaitu artean hain zuzen. Euskaltegian hutsik zuten bulegoa uztea erabaki du Udalak, Etumeta AEKren adostasunarekin. Gogoan izan, biek iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmenak ere, Kale Nagusia 43ko egoitza erabilera anitzekoa izatea adostu baitzuten. "Hitzarmenaren hamabigarren klausulan jasotakoaren arabera, Udalak lokal hori erabilera anitzeko instalazioa izatea nahi du, horregatik, berau herriko beste taldeek ere erabiltzeko eskubidea izango dute, beti ere Udala eta Euskara Kooperatiba Elkartearen (AEK) arteko adostasunarekin".
Laguntza psikologikoa, mediku asistentzia, asistentzia ekonomikoa edota lana aurkitzeko laguntza eskaintzen die Harrera Elkarteak espetxetik edo erbestetik sorterrira itzulitako euskal preso eta iheslari ohiei. Elkartea bera laguntzeko aukera dago, bazkidetza eginez. Harrera Elkarteaz informazio gehiago, hemen: