Euskal presoei "Mandela Arauak" aplikatzea eskatu dute osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 29a, 11:30

Iazko abenduaren 17an, Nazio Batuetako Asanblada Orokorrak onetsitako Presoak Tratatzeko Oinarrizko Arauak, "Mandela Arauak" izena jaso zutenak, euskal presoei aplikatzea eskatu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak gehiengo osoz, asteartean eginiko osoko bilkuran, arau multzo honekin bat egiteaz gain noski. EHBilduk aurkezturiko mozioak, EAJko udal ordezkarien babesa jaso zuen. Lau eskaera biltzen dituen adierazpena puntuz puntu bozkatzea eskatu zuen PSE-EEko udal ordezkariak. Lau puntuetatik hiruretan abstenitu zen. Udalbatza osoaren babesa jaso zuen puntu bakarra, uztailaren 18a Presoen Eskubideen Aldeko Mandela Eguna ospakizuna aintzat hartzea eskatzen zuena izan zen.

Udalbatzak onarturiko mozioak Mandela Arauen edukia nabarmentzen du. "Mandela Arauek, besteak beste, presoek osasun tratamendu duin bat jasotzeko eskubidea eta familiarekin harremana mantentzeko eskubidea ere aldarrikatzen dute", dio.  Presoak etxetik gertu egon behar duela baita, eta isolamendua "soilik salbuespeneko kasuetan ezarriko da, azken errekurtso gisa, ahalik eta denbora gutxienez eta errebisio independente baten menpe".

Arauok euskal presoei aplikatzea eskatu dute azken osoko bilkuran, "haien esperientzian ez da horrela suertatzen" eta. "Isolamendua sistematikoa bihurtzen da, zigor ohiko eta arrunta da, aplikazio arbitrarioa duena. Isolamenduak presoarengan ondorio psikiko ikaragarriak sortzen ditu. Azken egun hauetan horren testigantza zuzena jasotzen ari gara: muturreko isolamendu kasuen zerrenda luzea ezagutzen dugu".

Eskariak

-Udal honek bat egiten du Nazio Batuek onetsitako Presoak Tratatzeko Oinarrizko Mandela Arauekin.

-Udal honek, Euskal Presoei Mandela Arauak aplika dakizkien eskatzen du, besteak beste, gaixo dauden presoek tratu duin bat jasotzeko eskubidea eta familiarekin harremana mantentzeko eskubidearen haritik, dispertsioarekin amaituz.

-Udal honek, Mandela Arauak oinarritzat harturik, zigor ohiko eta arrunt bezala, muturreko isolamenduaren erabilera sistematikoa arbuiatzen du. Isolamenduak presoarengan ondorio psikiko ikaragarriak sortzen dituela kontuan izanik, egoera hau pairatzen duten presoekin elkartasuna adierazten du udal honek.

-Nazio Batuen gomendioa jarraituz, uztailaren 18a Presoen Eskubideen Aldeko Mandela Eguna ospakizuna aintzat hartzen dugu, kartzelaratze baldintza arbitrarioen kontra agertuz eta presoak gizartearen parte ere badirela aldarrikatuz.