Jaietako txosna gunea, auzolanean ari dira eraikitzen

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 29a, 12:03

24 ordu eskas, Usurbil jaietan murgiltzeko. Herria jai gune haundian bihurtzeko prestaketa lanak aurrerantz doaz. Asteazken goiz honetan, Mikel Laboa plazan kokatuko den txosna gunea egokitzen dabiltza gazteak auzolanean. Guztiak prest beharko du biharko, ekimen mordoa antolatu dute eta, ekainaren 30etik uztailaren 3ra. Girotzen hasteko, igande gauerako aurreikusiak zeuden arren, asteazken gau honetan jokatuko dira frontoian, udaberriko asteburuak girotzen aritu den Futbito Txapelketako finalak:

Ekainak 29, asteazkena

21:00 Tintenfischen-Lasprex

22:00 SOGT-Aitzaga LIBRE

Amaieran, sari banaketa.

Jaietako ekimenen artean...

Lehenik oilasko biltzera

Azken urteotan festak girotzen lehenak izan dira. Baita aurten ere. Ostegunean herria esnarazten goiztiarrenak izango ditugu. Garai bateko usadioei segida emanez, oilasko biltzera irteteko deia egin dute. Gero bazkaritan bilduko dira txosnetan eta jolasean ariko dira arratsaldean.

Gazte Eguna ostiralean

Haurrena bakarrik ez, gazteena ere izango da jaietako ostirala. Trikipoteoa antolatu dute lehenbizi txosnetatik abiatuta. Hara itzuliko dira gero bazkaltzera. Agortu ez badira, asteazken hau duzue, txartelak eskuratzeko azken eguna Irratin eta Aitzagan. Motxaila Band elektrotxarangarekin segiko dute jai giroa arratsaldean.

Gaupaseroen argazkia

Oroituko duzue, iaz Betagarriren kontzertu gaua aspaldiko gau jendetsuena izan zen. Askok goizera arte luzatu zuten gaupasa. Hamarnaka parrandazale erretratatuak geratu ziren, gaupaseroen argazkian. Ekimenak izandako arrakastarekin, argazkia berritu nahi dute aurten, uztailaren 3an. Goizeko 09:00etan oraindik parrandan zabiltzatenak gerturatu Bordatxo ondoko errotondara, azken orduetan bidelagun izango dituzuen Eonian! elektrotxarangakoekin.

Fotokola, poteo elegantean

Argazki saio gehiago izango dira, kasu honetan, uztailaren 2rako antolatu duten poteo elegantean. 19:00etan abiatuko da txosnetatik. Iaz zalantzak sortu zituen ekimenak eta astetartean programatzea erabaki zuten. Baina “jendea animatu zen” eta harrera ikusita, asteburura atzeratu dute aurten. “Bakoitza elegante ikusten den moduan jantzi” eta ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzen dute.

Prestatu eta jan txosnetan

Jaietako azken egunean afari legea txosnetan egiteko aitzakia aproposa, antolatu duten paella txapelketarekin. Azpiegitura eta arroza antolakuntzak jarriko du, gainerako osagaiak partehartzaileek. Prestatutakoa txosnetan bertan dastatzeko aukera izango da gero.

Auntoke txapelketa

Zenbait urteetan haurrei begira antolatu izan da. Aurten ordea, jaietako igande arratsaldean programatu du txosna batzordeak. Adin guztietako herritarrentzat. Gerturatu, garai bateko txirristra zegoen guneko plaza borobil txikira jolastera. Unean bertan izen emanda parte hartu ahalko da auntoke txapelketan.