Gaur hilabete Gipuzkoa Zutikek Foru Aldundi egoitza atarian protestua baketsua hasi zuenetik. Egun berezi honetarako asanblada deitu du erraustegiaren eta eliteen aurkako mugimenduak, arratsaldeko 19:00etarako Donostian. Gogoan izan, ekainaren 19an egin zuten asanbladan "oso erabaki garrantzitsuak hartu genituen. Nagusiki, 22 gau eta 23 egunen ostean, beste fase bat irekitzea erabaki genuen: Donostian egon den kanpaldi iraunkorretik herrietan sortzen ari diren dinamika anitzetara, hain zuzen".
Fase berria
Etapa berria abiatu du mugimenduak. Donostiako kanpaldi iraunkorrari amaiera ematea erabaki dute, baina ez da inolaz ere hemen etengo, maiatzaren 29an abiatu zuten dinamika, ohar bidez jakinarazi dutenez:
"Gipuzkoa Zutik ez da bukatu, hasi besterik ez da egin. Donostiako plazak hartu ditugu eta gehiagora goaz, ilusioz bete garelako eta gure artean saretu garelako. Lotara etxera goaz, loa eta elkarren zaintza ezinbestekoa dugulako. Eta etxera goaz kaleetan ekintzak egiten jarraituko dugulako, asanbladetan elkartuko garela ziur gaudelako.
Honekin etapa berri bat hasten da, erraustu gabe Gipuzkoan sua zabalduko duena. Jaietan egongo gara, udan zehar indarrak batuko ditugu. Irailean bueltatuko gara eta erraustegiaren obrak geldituko ditugu, proiektu bidegabe guztiak geldituko ditugu.
Erraustegia geldituko dugu,
Ustelak lurpera bizitza da handiena."
Herri gehiago zutitzen
San Juan bezperako ospakizunetan ere erraustegiaren aurka mobilizatzeko Gipuzkoa Zutikek eginiko deialdiak oihartzun zabala izan zuen. Zubieta, Oiartzun, Ataun, Eibar, Lasarte, Urnieta, Hernani, Arrasate... zutitu ziren ekainaren 23an erraustegiaren aurka. Sutan direla adierazi zuten, eta sutan jarri zituzten sare sozialak. Maskarilekin asko, kalejiran irten ziren Lasarten, errauskailua sutara botatzen zutela irudikatu zuten Arrasaten, San Juan suaren bueltan maskarilekin dantzan egin zuten Hernanin edota Lasarten, herritarrak informatzeaz gain erraustegiak jendarterako dakarren kaltea irudikatu zuten Oiartzunen, bizitzaren aldeko pankartaren atzean bildu zen eibartar, urnietar edota ataundar mordoa...
Eta herri gehiago zutitzen hasi dira egunotan; Zumaia, Azpeitia... Oiartzunen kanpaldia deitu dute ostiral honetarako...
Gipuzkoa Zutik
Facebook: Gipuzkoa Zutik
Twitter: @GipuzkoaZutik
Buruntzaldea Zutik
Twitter: @buruntzazutik