Erraustegiari buruzko galdeketa diruz laguntzeko, talo eta kamiseta salmenta jaietan

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 29a, 17:53

Abiatzear ditugun jaietarako ugaritzen doaz, erraustegiaren aurkako ekimenak. Gogoan izan batetik, manifestazioa deitu dutela txosna guneko antolatzaileek ostegunerako. 18:30etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Honez gain, Erraustegia Erabakia herri plataformak herritarrei udaletxe aurrera gerturatzeko gonbita luzatzen diete Santixabel Egunez, larunbatean. "Udalak erraustegiaren inguruko herri galdeketa egiteko Madrildik jasotako ezezkoaren aurrean, herritarrok hartu behar dugu galdeketa egiteko lekukoa. Asmo honekin bat egiten baduzu, zatoz uztailaren 2an egingo dugun agerraldi jendetsura", deitzen diete herritarrei, Erraustegia Erabakia herri plataformatik.

Plataforma berak azken batzarrean, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an, Usurbilen eta Zubietan erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea erabaki zuen. 1.185 herritarrek sinadura bidez eskatu zutena galdetuko da: “Erraustegia egitea nahi al duzu?”. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Galdeketa herritarrek antolatua izango da eta eragingo dituen gastuei aurre egiteko, kamiseta eta talo salmenta postuak jarriko ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak hastear ditugun jaiotan. 6 eurotan eskuratu ahalko ditugu kamisetak. Honatx beraz, erraustegiaren aurka festa hauetarako antolatu diren ekimen guztien hitzorduak:

Erraustegiaren aurkako ekimenak jaietan

Ekainak 30, osteguna

18:30 Erraustegiaren aurkako manifestazioa txosnetatik abiatuta. Antolatzailea: txosnagunea.

Uztailak 1, ostirala

16:30-20:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

Uztailak 2, larunbata

11:00-13:30 Kamiseten salmenta postua udaletxe aurreko plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

13:00 Herritarren agerraldi jendetsua udaletxe aurreko plazan: iraila amaieran erraustegiari buruz egingo den herri galdeketa antolatzeko lekukoa hartzea. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

Uztailak 3, igandea

11:00-13:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

11:00-14:00 Taloen salmenta postua Sutegi aurrean. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.