Erraldoi eta buruhandien konpartsa, kalejiran eta laguntza biltzen jaiotan

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 30a, 09:01

Zaku betelan izango du Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak jai egunotan. Datozen jaiek, erraldoi eta buruhandiak dantzan jarriko dituzte, uztailaren 3rako antolatu duten topaketan. Etxekoez gain, Trapagaran, Añorga, Mutriku eta Zizurkilgo taldeak izango ditugu bisitan. Jende mordoxka espero dute egunpasan. Pentsa, eguerdi partean Udarregi Ikastolako jangelan egingo duten atsedenaldi eta bazkarian 70 bat lagun bilduko omen dituzte. Kalejira eta erakustaldi bana egingo dute talde guztiok, goiz eta arratsalde partean. Ez dira kalejira hutsak izango. Bakoitzak bere buruhandi eta erraldoiak desfilatzeaz gain, haien dantza bereziak ezagutzeko aukera izango da.

Elkartruke modukoa da topaketa hau. Jaietan gure artera datozen konpartsen herrietara joateko ahalegina egingo dute gero usurbildarrek. Añorga eta Trapagaran bisitatuko omen dituzte uda honetan, baita Oiartzungo jaiak ere. Honez gain, Mutrikun, bertakoekin eta bergararrekin desfilatzen egon berriak dira.

Kalejirak egunero

Topaketa jaietako azken egunean ospatuko da. Aurreko hiru egunetan ere kalejirak izango dira, uztailaren 1eko Haurren Egunean baten faltan bitan aterako dira Lauburu Konpartsakoak. Erraldoiekin batera, 6 buruhandi aterako dituzte jaiotan. “Bi guztiz berrituta, margotu berriak. Beste bi nahiko ondo daude. Beste biak, behia eta sorgina, berriz margotu behar ditugu. Jaietarako prest egon daitezen saiatuko gara”, iragarri dute Lauburu Konpartsatik.

2015era arte, jaietako kalejirak buruhandi eta erraldoiak kalean zehar eraman nahi zituzten bolondres taldearekin osatzen ziren, edota herriko talde ezberdinei ardura hartzeko gonbita egiten zitzaien. Aurten, Lauburu Konpartsa bera da antolaketa lan guztiak kudeatu, koordinatu eta kalejira bakoitzeko ardurak banatu eta bere gain hartuko dituena.

Eskumuturrekoak, taldea laguntzeko

Partaide kopuruz justu samar dabiltza ordea. Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kide izan edota jaiotan antolatu dituzten kalejiretan lagundu nahi duenak, eskuzabalik hartuko dute taldean. Honez gain, bada bilgunea laguntzeko beste bide bat ere. Santixabeletako eskumuturrekoak salgai jarri dituzte herriko saltokietan. Kalean ere konpartsakideengana gerturatuta erosi ahalko dituzue. Salneurria; euro bat gehi borondatea. Eskumuturrekoak erosiz, Usurbilgo konpartsari sostengua emango diozue. Bide horretatik jarraitu nahi dute; Udalak emandakoaz gain, laguntza biltzen, “buruhandiak mantentzeko, guk ere aurrerago herritik kanpora irteera gehiago egin ahal izateko”. Bete nahi luketen ametsik ere badute; Bartzelona aldean ospatzen den asteburuko topaketa erraldoi batean parte hartzea.

Informazio gehiago jaso eta taldearekin hartuemanetan jartzeko:

Facebook: Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa

943 377 596 (Angel Trullen, Txirinbolo jostailu denda)

Hitzorduak

Kalejirak:

Ekainak 30, 19:00.

Uztailak 1, 12:00/18:00.

Uztailak 2, 18:00.

Topaketa:

Uztailak 3, 11:30/18:00.

Antolatzailea: Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.