Dantzarako gogoa ez dadila eten jaiotan. Bizi ditzagun jaiak dantzan. Mezu horixe luzatu digute, eta desio horrekin jaietan murgiltzera gonbidatzen gaituzte, festak abiatzeko ohorea izango duen Orbeldi Dantza Taldetik. Haiekin hasi, bizi eta bukatuko ditugu festak aurten. Txupinazoa ostegun honetan 19:00etan jaurtiko dute, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan. Eta adi; dantza taldekoak ez datoz eta esku hutsik. "Proposamen bat egingo dugu txupinazoan". 19:00etan udaletxe aurrean.
Jaiei hasiera emateko hautatuak izatea nola hartu duzue taldean?
Orbeldi Dantza Taldea: Gustura, ilusioz. Ezusteko handia hartu genuen. Azken urteotan indarberritzen ari da taldea eta txupinazoan parte hartzeko gonbita, horren errekonozimendu modukoa da.
Albisteak une gozoan harrapatu du taldea.
Taldea une honetan azken aldiko une osasuntsuenean dago, jende asko baitago. Neskak eta mutilak, denetarik dugu, talde berri asko. Jende asko ari da animatzen dantzara eta oso gustura gaude. Une honetan gainera, balorea ematen dioguna da baita, adin oso ezberdinetako jendea biltzen dugula. Txikienak 4-5 urte ditu eta helduenak 72 urte inguru. Jende desberdinarengana heltzen garela ikusten dugu eta alde horretatik oso gustura gaude.
Eta dantzari berriak batzen ari dira taldera.
Gonbidatuak daude denak gainera. Ateak zabalik ditugu.
Ofizialki ikasturtea bukatutzat eman duzue?
Ikastaroak bukatu ditugu. Orain udako urteroko erakustaldiak datoz; Usurbilgo, Kalezarko eta Urdaiagako jaietakoak. Urtean zehar egindakoa erakustera goaz orain.
Plazan ikusiko ditugu beraz, belaunaldi ezberdinetako dantzariak.
Asmoa hala da. Orain arte auzoetako ekitaldiak umeen taldeenak izan dira, taldeok bakarrik zeudelako. Aurrerantzean ere nahiko genuke ditugun taldeen isla txiki bat izatea ekitaldiok. Talde guztiek parte hartuko dute, bakoitzak dantza saio bana egingo du.
Hutsunea agian, mutiletan izango duzue.
Mutiletan orokorrean adin guztietan. Egia da gutxiago egon diren urteak egon dira. Halere egun, gutxi gorabehera, 140-145 kide ditugu eta 20 bat dira mutilak. Animatu daitezela dantzara.
Zer balantze egin dezakezue ikasturte honetaz?
Balantze positiboa. Batetik, ikasturtean zehar egindako entseguak ditugu, udako ekintzak eta Usurbilen indar handia hartu eta herria babesten ari den Dantza Eguna. Jende asko joaten da ikustera, erromerian ere jende askok parte hartzen du. Azken urtean gainera, irteerak egiten ari gara; Urdiñarbera joan ginen, umeekin Lasarteko Dantzari Txiki Egunean parte hartu genuen,... Aurrera begira, halako irteera gehiago egiteko asmoa bada. Eta herrian ekimen gehiago ere egin nahi ditugu. Ikusi dugu Dantza Taldeak ez zuela zentzurik udan bi emanaldi eskaintzeko bakarrik. Filosofia horretatik sortu zen Dantza Eguneko ideia. Baina horrez gain, urtean zehar beste ekintza puntual batzuk egitea ere garrantzitsua dela iruditzen zaigu.
Izena ere jarri diozue taldeari. Zergatik Orbeldi?
Dantza taldeak zuen dimentsioa ikusita, talde bezala erregistratzeko erabakia hartu genuen. Izen ofizial bat behar genuen. Herriko toponimian bila hasi eta botazioz gehiena gustatu zena izan zen.
“Proposamen bat egingo dugu txupinazoan”
Zer irudikatu nahi zenukete jaien hasiera ekitaldian?
Tradizioak une batean sortutakoak izaten dira. Guk proposamen bat egingo dugu txupinazoko ekitaldian. Ia jendeak gustuko duen. Jendea animatu dadila urtero moduan txupinazora. Dantza taldekoen kamiseta jantzi eta dantzara animatu daitezela. Festetan ere egunero izango da dantza egiteko aukera. Lotsa alboratu eta denok dantzara animatu nahi genituzke. Azken finean gorputzarentzat onuragarria da, fisikoki ariketa bat egiten ari zarelako eta aldi berean ondo pasatzen duzu. Txupinazorako musikariak ahalegin berezi bat egiten ari dira guretzat zerbait egiten eta horiei ere esker berezia helarazi nahi genieke. Musikariekin lanketa berezi bat egiteke dugu.
Jaiak dantzan hasi, bizi eta bukatuko ditugu?
Dantza Taldetik ikusi genuen azken trakako eragile izan gintezkeela. Aurten ere hala izango da. Jokin Eizagirrek egingo digu maskotaren araberako ikuskizuna eskainiko dugu. Ia zer ateratzen den. Orbeldi Dantza Taldean normalki euskal dantza tradizionalekin egindako dantzak irakasten ditugu. Jaien amaierako trakan, zerbait desberdina egiteko aukera izaten dugu, musika ezberdinekin dantzak sortzekoa. Guk ere festak bukatu eta askatzeko beste modu bat da.
Izen ematea, irailean
2016-17 ikasturterako izen ematea irailean bideratuko du Orbeldi Dantza Taldeak. Herritar oro “apuntatzera animatzen dugu. Talde desberdinak daude; koreografiak egiteko, dantza tradizionalen taldea, erromeriakoa…”. Eta begirale talde bat pazientzia eta eskuzabaltasun handienarekin, dantzok irakasteko prest.