Txosna batzordea ere erraustegiaren aurkako borrokara batuko da abiatzear diren festa hauetan. Txupinazoa jaurtid aurretik, ostegun arratsalde honetan, 18:30etan erraustegiaren aurkako manifestazioa antolatu dute. Mikel Laboa plazan kokatua egongo den txosna gunetik abiatu eta Kaxkoko kale nagusiak zeharkatuko ditu. Txosna batzordeak eginiko bileretako batean bururatu zitzaien mobilizazio hau antolatzeko ideia, erraustegiaren aurka dagoen borroka ikusita. Herritarrei mobilizaziora batzeko deia egiten diete.
Agerraldirako deia
Erraustegiaren aurkako ekimen gehiago ere izango da festa egun hauetan. Erraustegia Erabakia herri plataformak herritarrei udaletxe aurrera gerturatzeko gonbita luzatzen diete Santixabel Egunez, larunbatean. "Udalak erraustegiaren inguruko herri galdeketa egiteko Madrildik jasotako ezezkoaren aurrean, herritarrok hartu behar dugu galdeketa egiteko lekukoa. Asmo honekin bat egiten baduzu, zatoz uztailaren 2an egingo dugun agerraldi jendetsura", deitzen diete herritarrei, Erraustegia Erabakia herri plataformatik.
Salmenta postuak
Plataforma berak azken batzarrean, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an, Usurbilen eta Zubietan erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea erabaki zuen. 1.185 herritarrek sinadura bidez eskatu zutena galdetuko da: “Erraustegia egitea nahi al duzu?”. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Galdeketa herritarrek antolatua izango da eta eragingo dituen gastuei aurre egiteko, kamiseta eta talo salmenta postuak jarriko ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak hastear ditugun jaiotan. 6 eurotan eskuratu ahalko ditugu kamisetak. Honatx beraz, erraustegiaren aurka festa hauetarako antolatu diren ekimen guztien hitzorduak:
Erraustegiaren aurkako ekimenak jaietan
Ekainak 30, osteguna
18:30 Erraustegiaren aurkako manifestazioa txosnetatik abiatuta. Antolatzailea: txosnagunea.
Uztailak 1, ostirala
16:30-20:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.
Uztailak 2, larunbata
11:00-13:30 Kamiseten salmenta postua udaletxe aurreko plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.
13:00 Herritarren agerraldi jendetsua udaletxe aurreko plazan: iraila amaieran erraustegiari buruz egingo den herri galdeketa antolatzeko lekukoa hartzea. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.
Uztailak 3, igandea
11:00-13:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.
11:00-14:00 Taloen salmenta postua Sutegi aurrean. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.