Santixabel Eguna, erromeria zaletuena baita

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 1a, 08:00

Iaz ekimenak izandako arrakasta ikusita, Triku taldekoak, usurbildar trikitilari eta panderojoleak kalejiran ikusiko ditugu berriz Santixabel Egunez. Kalejira egingo dute lehenbizi, Artzabalen bazkaldu gero, eta arratsalde partean, txosnagunean Estanga anai-arrebekin ospatuko den erromerian ere parte hartuko dute. Hasieran, emanaldi labur bat eskainiko dute oholtza gainean. Eta gero plazan izango dira dantzan.

Larunbatez egokitu zaie aurtengo hitzordua, eta iaz baino jende gutxiago bilduko omen dute, ez baitute lan erraza izango iazko marka haustea. 40 laguneko koadrila osatu zuten, duela urtebete. “Ikaragarria izan zen, harrituta geratu ginen. 40 bat lagun etorri ziren”, gogorarazi digute Triku taldetik.

Kalez kale egin zuten biran ere harrera beroa izan zuten herritarren aldetik. “Oso ondo pasa zuen jendeak. Ekimenak izandako arrakasta ikusita, bide horretatik segitu behar zela ikusi genuen”, gaineratu dute.

Jendea ez zen hurbildu kalejirakoek trikitia eta panderoa nola jotzen zuten ikusi eta entzutera soilik. Buru-belarri parte hartzen aritu zen. Usurbildarrak dantza batean jarri zituzten. “Askok zoriondu ziguten, 40 laguneko koadrila ikusita, denok herritarrak gainera. Ekintza politenetakoa izan zela iazko jaietan, hori ere askok esan digute. Eta askok halako zerbait falta zela ere adierazi ziguten”, balorazio ezinhobea egin du beraz, Trikuk.

Motibagarri, zaletasuna bizirik mantentzeko

Eta horri eutsi nahi diote aurten. Trikitia eta panderoa jotzen segitzen dutenak edo garai batean musika instrumentuok esku artean izan zituztenak batuko dira uztailaren 2an. Formatu erakargarria izan ohi da parte hartzaileentzat. Eta motibagarria, zaletasun hau bizirik mantentzeko. “Gehienbat proiektu hau hortik sortu zen. Jende asko 16-17 urterekin musika eskolatik irten eta trikitixa jotzeko gunerik gabe geratzen dira. Orduan bazterrera uzten du trikitia. Taldea gehienbat trikitixa edo panderoa jotzen segitzeko osatu zen. Urtean hiruzpalau afari egin eta biltzeko. Jendeak aitzakia horrekin etxean trikitia jotzen du”, adierazi digute.

Errazago animatzen da bat gainera, halako kalejira batean jendaurrean trikitia jotzera, talde handi baten babespean doanean. “Pauso hori emateko koadrilak babesa ematen du. Geratzeko gogoa izanda geratu egiten zara”, eta arazorik ez. Ondo pasatzea baitute helburu nagusia. Eta aurrean dituztenak ondo pasaraztea. Kalera eta plazara gonbidatzen dituzte herritarrak larunbat honetan, erromeria giroan murgiltzera. Adin guztietakoak, baina bereziki gazteak. Hor dago eta, erromeria giroak bizirik eusteko etorkizuna.

Egunotan azken prestaketa lanetan zebiltzan Triku taldekoak. Garai berriotan, whatsappez noski. “Santixabeletako whatsapp taldea dugu, bideoak bidaliz aritu gara, piezak grabatuz, kalejiran ze pieza joko diren prestatzen”, aurreratu digute Triku taldetik. Uztailaren 2an irtengo dira kaleak girotzera.