Hala da, Orbeldi taldekoek izan dute eta jaiak hasteko ohorea. Esker oneko agertu dira dantza taldekoak. Azken urteotan bizi izan duten indarberritzearen errekonozimendu gisa hartu dute, jaien hasiera ekitaldian parte hartzeko eskaini zaien aukera. Egun, 4 urtetik hasi eta 70 urtetik gorako kideez osatua dago Orbeldi. Belaunaldi ezberdinek dute tokia dantza taldean. Eta hala islatu nahi izan dute baita txupinazo ekitaldian ere.
Dantza taldearen ibilbidea omentzeko eta eskerrak emateko baliatu dute tartea. Gainera ez dira esku hutsik etorri. Ohi bezala, herriari ekarpen bat egiteko baliatu dute festetako txupinazoa. Esana ziguten, herriari proposamen bat egin nahi ziotela Santixabelen hasieran. Eta hitza bete dute; Usurbilgo ereserkirako dantza sortu eta estreinakoz gaurkoan plazaratu dute, udaletxe aurreko plazara bertaratu den herritar mordoaren aurrean. Etorkizunean ere dantza hau mantentzeko gonbita luzatu dute.
Baina gehiagorako ere eman du ekitaldiak. Adin ezberdinetako dantzariek Mikel Alkorta eta Manex Torrealdai trikitilarien erritmora dantza saio bikaina eskaini baitute, frontoiko emanaldiaren aurretik. Eta bertan zirenak dantzara animatu dituzte.
"Erraustegirik ez!"
Aurtengo jaiek ezin zuten beste modu batean hasi. Usurbilgo Udalaren izenean, Xabier Arregi alkateak Santixabeletan murgildu eta ondo pasatzeko gonbita luzatu die herritarrei. Aurretik ordea, gogoan izan ditu herrian falta direnak. Eraso sexisten aurka agertu da beste behin Udala. Baita erraustegiaren aurka ere. "Jaietan ez ditugu alde batera utziko gure erreibindikazioak, erraustegirik ez!" adierazi du alkateak, bertaratu direnen txalo artean. Udaletxeko balkoian, alkatearekin batera, udalbatza osoa, EHBildu, EAJ eta PSE-ko 13 zinegotziak bildu ditu jaien hasiera ekitaldiak.