Manifestazio jendetsua, erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 30a, 22:18

"Ez, ez ez, errausketarik ez!". Urtean zehar beste hainbat mobilizazioetan egin duten bezala, jaien hasieran ere ozen oihukatu dute usurbildarrek, erraustegirik ez dutela nahi adierazteko. Jendetza batu du mobilizazioak. Mobilizazio jendetsu bezain anitza izan da, gaia herritarren artean sortzen ari den kezkaren adierazgarri. Herritar bat baino gehiago ikusi ditugu maskarillekin. Txosnetan hasi eta txupinazoa jaurti den udaletxe aurreko plazan amaitu da, "Errausketarik ez. Ez Zubietan ez inon" aldarripean egin den manifestazioa.

Jaien hasiera ekitaldian ere, Xabier Arregi alkateak ere Usurbilgo Adularen izenean bere egin du "erraustegirik ez!" aldarria, bertaratu direnen txalo artean.

Adi, jaiotan erraustegiaren aurkako ekimen gehiago deitu baitira eta. Honatx datozen hitzorduak:

Erraustegiaren aurkako ekimenak jaietan

Uztailak 1, ostirala

16:30-20:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

Uztailak 2, larunbata

11:00-13:30 Kamiseten salmenta postua udaletxe aurreko plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

13:00 Herritarren agerraldi jendetsua udaletxe aurreko plazan: iraila amaieran erraustegiari buruz egingo den herri galdeketa antolatzeko lekukoa hartzea. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

Uztailak 3, igandea

11:00-13:00 Kamiseten salmenta postua plazan. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.

11:00-14:00 Taloen salmenta postua Sutegi aurrean. Deitzailea: Erraustegia Erabakia.