Merezitako txupinazo hunkigarriaren ostean, berehala ekin zioten lanari atzo, Orbeldi Dantza Taldekoek. Udaletxe aurreko plazan eskaini ziguten lehen aperitiboa, Usurbilgo ereserkirako prestatu duten dantza aurkeztu ziguten. Pare bat saio gehiago ere egin zituzten. Emanaldi zentrala ordea, frontoian eskaini zuten. Jaien azken egunean eskaini ohi dutena, aurten festen hasierara aurreratu dute. Aldaketarekin bete-betean asmatu da. Frontoia leporaino bete zen, belaunaldi ezberdinetako usurbildarren estilo ezberdinetako dantzak bildu zituen saioa ikustera.