Manifesturako bildutako 15.079 sinadura erregistratu ditu GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 5a, 13:00

Jasotako sinadurak gehiago diren arren, gaurkoz, manifesturako maiatzetik hona bildutako 15.079 sinadura erregistratu ditu GuraSOSek Lasarte-Oriako notaritzan. Bertan "gordailutu dira, haien eduki, kopuru eta errealitateaz akta fede-emailea jasoaz; 2016. zenbakiko Protokoloan gorde dira" berri eman du guraso taldeak, astearte goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian.

Erraustegia geratu eta hondakinen arazoari, guztion osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe irtenbide adostu bat ematea eskatzen duen manifesturako bildutako atxikimenduak Foru Aldundira bideratuko dituzte, "zera eskatzeko: osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako, eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituz, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu!".

GuraSOSen manifestua

Gure txikitxo maitea,

☐Ama, ☐Aita, ☐Amona, ☐Aitona, ☐Izeba, ☐Osaba ☐ Herrikide bat   naiz.

Begira, ez zaitut larritu nahi, baina, entzun mesedez, arretaz, esango dizudanak merezi du-eta.

Hortxe, Zubietan bertan, Errealak entrenatzen duen lekutik oso gertu, Erraustegia egiteko asmoa dute, bertan zaborra eta hainbat hondakin erretzeko. Bertatik aterako den kea arriskutsua izan daiteke osasunerako. Bai, halaxe da, igarri duzu, ezta? Kezkatuta nago, bai, eta batik bat zuengan, haurrongan, oraindik hazten, garatzen eta osatzen ari zaretenongan sor ditzakeen eraginengatik.

Kezkatuta nago eta ezinegonik:

Erraustegiaren kokalekua bizi garen lekutik oso hurbil dagoelako (15-20 kilometroko eremuaren barruan).

Erraustegiaren kokalekutik hurbil dauden lurretan landatutako barazkiak eta fruituak jaten dituzulako, edo eta, belardi horietan elikatzen diren abereen haragia eta bestelakoak jaten dituzulako.

Horren ondorioz kutsatuko den itsasoan bainatuko zarelako.

Edota, nahiz eta gure bizilekutik urrun egon, ez nukeelako nahi inoren haurrek ondorio kaltegarri horiek jasaterik. Nire haurrentzat nahi ez dudana, inoren haurrentzat ere nahi ez dudalako.

Horregatik, lehenbailehen, zerbait egin behar dudala pentsatu dut: arrisku horretatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut!! Ez dut onartuko, inondik inora ere, haurren osasuna arriskuan jartzerik! Ez nioke, inolaz ere, nire buruari barkatuko, nire esku dagoen guztia egiten ez badut, gutxi bada ere.

Erabaki dut beste guraso, aitona-amona eta senideekin batera bilduko naizela eta denok batera, elkarrekin, lan egingo dugula, erraustegiaren arriskua gainetik kentzeko.

Zaude ziur: begiratu bi begietara, sinets iezadazu, ez dizut hutsik egingo! Erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatuko naiz!

Badakit, gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jarri nahi badute behintzat, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe!