Legegintzaldiko lehen urtea "aldaketa jarraituarena", Usurbilgo Udalarentzat

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 6a, 11:45

Urtea bete du udal gobernu taldeak legegintzaldi berria abiatu genuenetik. 12 hilabeteotako balantzea plazaratu dute; "aldaketa jarraitu" gisara baloratu du Udalak lehen urte hau, "iragan legegintzaldietatik jasotako ondasun politikoari jarraipena eman, eta, aldi berean, lanean aritzeko berritasunak ezarri dituztelako. Berritasun horietatik abiatuta, landu duten Gobernu Plana balioan jarri nahi izan dute gobernukideek, legegintzaldi honetarako bizkarhezur eta etorkizuneko Usurbil irudikatzeko tresna baliotsua izan daitekeela uste baitute. Zentzu honetan, Udalak arlo sozioekonomikoa lehenetsiko du legegintzaldia bukatu bitartean".

Gobernu programa, legealdiko iparrorratza

Udal gobernu taldetik adierazi dutenez, "legealdiko norabidea eta konpromisoa Gobernu Planean definitu dugu, eta horri begiratuko diogu zertan eta nola ari garen argitzeko". Guztira 118 egitasmo biltzen ditu, "usurbildarron beharrei erantzuteko diseinatua" dagoen plan honek. "Ilusioz egindako plana da, anbizio handikoa eta exijentea", gaineratu dutenez. Hauteskunde programatik, herritarren artean eginiko parte hartze prozesutik, eta herri eragileetatik jaso dituzten ekarpenekin hornitu dute programa.

Plan honez gain, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) ere landu du Udalak. "Herriko lurrek izango duten erabilera ezberdinak definitzen ditu HAPOak. Natura babesteko eremuei, industriaguneei, etxebizitzei, mugikortasunari, jarduera ekonomiko eta sozialei, ekipamenduei eta ondare historiko eta kulturalei dagokienean, beharrezkoak diren neurriak zehaztu eta programatzen ditu. Prozesua ahalik eta aberasgarriena izan dadin, Udalak 'Oraina da Geroa' prozesu partehartzailea burutu du", nabarmendu dute.

Eta ezin aipatu gabe utzi, erraustegiaren gaia. "Erraustegiaren gaiak ere polemika handia eragin du herrian eta Udalak bere posizioa agerian utzi du. Gobernu taldeak Usurbilen erraustegirik ez duela nahi adierazi eta galdeketa antolatzen saiatu da. Hala ere, Espainiako Gobernuak baimena ukatu dio, beraz herritarren esku utzi behar izan du hura egiteko ekimena. Zentzu horretan, Usurbilgo alkateak Zubietako auzia udalbatzarretara eraman eta alderdi interesez gaindi lantzeko eskatu die lurraldeko alkate guztiei, erabaki horren atzean “arazo etiko eta demokratiko” bat dagoela argudiatuz", gogorarazi dute.

Bideratu dituzten egitasmoak

Udal gobernu programako 118 neurri edo egitasmoen artean, besteak beste, honako hauek bideratu ditu Udalak azken urte honetan:

- Mugikortasun eta espazio libreen plana idatzi eta abian jarri.

- “Errioa bizi!” Oria ibaiaren paisaiarako ekintza-plana garatu.

- Argikuntza-sarea progresiboki berritu, kontsumo baxuagoko LED argiak jarriz.

- Herri garbiketarako makineria ordezkatu.

- Enpresen berrikuntza teknologikorako Barnelkar eta Kit programak abierazi.

- Usurbil herri-txartela martxan jarri herriko merkataritza eta ostalaritzaren promoziorako.

- Usurbil Txanpona indarrean jarri.

- Helduen euskalduntzea doakoa izan dadin dirulaguntzak bideratu.

- Herriko eragile kulturalak ahaldundu zuzeneko laguntzekin eta azpiegitura egokiekin.

- Garapen bidean dauden herrialdeei laguntzak Euskal Fondoaren bidez ematea.

- Eguneko zentroko eskaintza handitu.

- Indarkeria matxista eta sexistaren aurkako protokoloa sinatu.

- Udalaren webgunea biziberritu.