Oria ibaiaren Paisaiarako Ekintza Plana herritar eta eragileen ekarpenez osatzeko, parte hartze prozesuaren bigarren fasea martxan du Udalak. Lehenengoan, 20 agentek ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Herritar ororen txanda da orain. Gai honi buruzko inkesta bete dezakezue. Orriak, Sutegi udal liburutegian, Potxoenean, Oiardo Kiroldegian, anbulatorioan eta udaletxean eskura ditzakezue. “Eskertuko genuke parte hartzea. Guztion artean errioa bizi! lortuko dugu” adierazi dute Usurbilgo Udaletik. Udal web orrialdean, usurbil.eus atarian sartuta ere bete dezakezue inkesta.
"Usurbilgo Udaletxea Oria ibaiko inguruaren Paisaia Ekintza Plana osatzen ari da. Prozesu honen zehar eta ekimen honek etorkizunean egonkortasun izan dezan, tokiko populazioaren parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen da. Honen ekimenak ere, Usurbildarren itxaropenei eta nahiei egokitzen zaizkion plana on bat egiteko guztiz erabakigarriak izango dira.
Hiritarronek Usurbilgo Oria ibaiko paisariari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko asmoz eta aldi berean berez sortutako diagnostiko teknikoa nabarmentzeko, jarduera ezberdinak aurreikusten dira, besteak beste jarraian betetzera zoazen galdetegia. Beraz, prozesu honetan parte har dezazun gonbidatzen zaitugu eta bide batez aurrez aurre zure laguntza eskertu nahi dizugu", luzatu dute gonbita.
Herritarren ekarpenekin osatuko den plana
“Errioa bizi! Oria ibaiaren paisaiaren ekintza plana” izeneko Usurbilgo Udalaren egitasmoak, “merezi izan eta ez duen presentzia” eman nahi diote errioari. Oria biziberritu. Eta horretarako plan bat abiatu du Udalak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Usurbil aitzindaria izan dugu hainbat gaietan. Baita kasu honetan ere. Eskualdeko paisaiari loturiko ekintza planak badira, baina udalerri mailakoak abiatzen lehena dugu herri hau. Egitasmoak ez du soilik, lurraldearen antolaketa kontuan hartuko. Hemen dator berrikuntza; baita errioaren bueltan bizi diren herritar eta eragileak ere. Eta herritar eta eragileon iritzi, ikuspuntu edota bizipenak. Horretarako, hiru faseetan banatuko den parte hartze prozesu bat abiatu dute proiektu honen sustatzaileek. Errioaren biziberritzeaz, “herritarrek zer dioten” jakin nahi dute.
Lehen fasean, errioarekin lotura estua dutenengana jo zuten. Belaunaldi ezberdinetako herritar edota eragile ekologistengana. “Bertakoek baino hobeto inork ez baitute ezagutzen” Oria. Elkarrizketa erronda hau, udal teknikari eta ordezkariekin borobildu zuten. Herritarren txanda da orain. Inkesta labur batean parte hartzeko aukera izango du usurbildar orok. Eta datozen asteotan bildutako ekarpen guztiokin, azken txosten edo diagnosia osatuko dute. Prozesu honen amaieran, etorkizunerako Oria biziberritzeko aukera edo proposamen ezberdinak aterako dira. Horretarako ordea, proiektu honen sustatzaileek herritar eta eragileen parte hartzea eskertuko lukete, egitasmoa aberastuko baitu.