Jon Irazustabarrena Lizarralde badoa Iruneko futbol taldetik. Barakaldo taldean jokatuko du hurrengo bi denboraldietan; 2016-17 eta 2017-18 kirol urteetan. Bizkaiko klubak atezain usurbildarra kontratatzeko adostasun batera heldu direla berri eman du, futbol munduan orain arte jorratu duen ibilbide oparoa gogoraraztearekin batera. Realaren harrobian edota Beasainen jokatu du urteotan "Txustak". Halere, ziurrenik, une gogoangarrienak Eibarren bizi izango zituen. Taldean zela igo baitziren lehen mailan lehiatzera. Azken urtea, Irunen eman du. Eta orain, aipatu moduan, Barakaldok fitxatu du Irazustabarrena.
Imanol Agirretxe, 2020ra arte Realean
Imanol Agirretxe usurbildarrak beste 4 urtez gutxienez, Real Sociedad taldean jokatzen segiko du. Bi aldeek, Imanolek eta Realak, 2020ko ekainaren 30era arteko kontratu luzapena izenpetu zuten ekainaren 21ean. Lehendik zuen kontratua 2018ra artekoa zen. Beste bi urtez gehiagoz talde txuri urdinean lehiatzen segitzeko aukera izango du orain usurbildarrak. "Jokin Aperribay presidentea eta Loren kirol zuzendariak lagunduta, Usurbilgo aurrelariak eguerdian ipini du bere sinadura kontratu berrian, Anoetako bulegoetan", berri eman zuten ekainaren 21ean Realetik.
Andoni Iraola, New York Cityn
Futbol munduan punta-pintan dabilen hirugarren usurbildarra Andoni Iraola dugu. 2015eko maiatzera arte, 12 urtez Athleticen jokatu ostean, New York City taldeak fitxatu zuen. Urtebete darama taldean eta postu ezinhobean. Denboraldiko lehen zatia amaitu berri duten honetan lidergoan baita taldea, bere lehia eremuan.