Usurbilgo Udalak aurreikusia duenez, irailaren 5era arte itxita egongo da. Hala jakinarazi du Atxegaldeko etxe atarietan jarri dituzten ohar bidez.
Uda honetan Alperro-Buru kaleko azken zatia eraberrituko du Udalak. Udarregi Ikastolako HH eta LHkoen eraikin atariko bide zatiaz ari gara. Agerialde pareaz. Ikasleen bi hilabete pasatxoko oporraldia baliatu nahi du Udalak, inguru horretan egin asmo dituen eraberritze lanak bideratzeko. Batetik, Agerialde atzealdeko patiotik aldapan behera jaisteko baranda babestuko dute, zebrabidea eta ezinduentzako aparkalekuak egokitu.
Agerialde ondoko biribilgunetik hasi eta Alperro-Buru 8raino, hau da, eraikin berriaren pareraino, norabide bakarrekoa izango da kale hau lanak amaitutakoan. Ikasleen jolasgaraian, eta ikastolara sartu eta ateratzeko orduetan eremu hau autoen joan etorrirako itxita geratuko da. Kale zati horretan autoa aparkatua duenak ezingo du bertatik mugitu, eta ezingo da bertan aparkatu aipatu orduotan.
Irailerako prest
Begi bistako aldaketak eragingo dituzte lanok. Baina ezkutuan geratuko diren eraberritze lan batzuk ere egingo ditu Udalak. Hain zuzen, inguratzen duen zonaldean ez bezala, kale azpitik igarotzen diren euri uren eta ur zikinen sareak bateratuak daude egun. Sare hau erdibitu egin nahi Udalak; ur zikinen eta euri uren ibilbidea bereizi.
Lanok ia 102.000 euroko aurrekontua izango dute. 2016-17 ikasturte berria hasterako, irailerako alegia amaituta egon beharko dute.
Lanok beste bi fase
Aurrerago gauzatuko dituzte ingurune honetako hurrengo bi faseak. Batetik, Alperro-Buru kaleko 8 zenbakidun eraikin buelta berrurbanizatuko da. Eta Agerialde eta Udarregi Ikastolako eraikin gorriaren artean dagoen mendixkan oinezkoentzako pasabidea egokituko dute. Bidea argiteria eta eserlekuekin hornituko du Udalak, eta honela, Udarregi Ikastolako hezkuntza gune osoa lotuta geratuko da.