Hondakinen gatazkari bukaera eman nahi dion ekimen juridikoa erregistratu zuen GuraSOS taldeak asteartean, aurretik Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian iragarri zutenez. Ekimen juridiko honen bidez, “Foru Aldundiak hurrengo GHHKPOren bitartez martxan jarri nahi zuen parte-hartze prozesua zabalduko du, erraustegia egiteko erabakia bera ezbaian jarriz”. Gai honi buruzko eztabaida “lasaia, heldua, sakona, grinagabea eta proaktiboa” sustatu nahi du GuraSOSek, hondakinen plan berria onartu baino lehen. “Horretarako ez du egon behar ez baldintzatzailerik eta ez mugatzailerik aipatutako akordioa lortzeko”, gogorarazten dutenez. Akordio handi bat erdiestea litzateke eta, prozesu honen helburua, “denon artean onartutako eta adostutako irtenbidea”.
Esleipena suspentsioan
GuraSOSen eskaeraren legitimazio demokratikoa defendatzen dute. “Herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartzeko duen giza eskubidea eskubide unibertsala da”, gogorarazten dute. Eskaera erregistratu zuten unetik bertatik, erraustegia eraikitzeko lanen esleipena bertan behera geratu da, eta esleipena suspentsio egoeran egongo da, Aldundiak GuraSOSek eginiko eskaerari erantzun artean behintzat. Hilabeteko epea du Diputazioak erantzuna emateko. “Konbentzituta gaude foru arduradunek ez diotela ostu nahi gizarteari eztabaidatzeko eta eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakian parte hartzeko eskubidea, eta horregatik, egiten dugu eskari hau, aintzat hartua izango delako konbentzimendu osoan”, adierazi zuen GuraSOSek uztailaren 5eko agerraldian.
Akordiorako, garaiz
Gogorarazten dutenez, oraindik gai honi buruz eztabaidatu eta akordioa erdiesteko garaiz gabiltza, “hartzeko dagoen politika publiko bati buruzko erabaki baten aurrean gaude, ez jada hartuta dagoen erabaki baten aurrean”. Ekimen juridikoa aurkezteko foru eta Batzar Nagusietako ordezkariekin biltzeko eskaera egingo du GuraSOSek.