Udala, Ingemarren etorkizuna bermatzeko plan eske

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 10a, 10:00

Hilabete igaro da, enpleguaren alde eta Usurbilgo planta ixtearen aurka, Ingemarreko langileek greba mugagabea hasi zutenetik. Goiz eta arratsalde lantegi atarian bilduta segitzen dute. Bizi duten egoera zailari aterabide bat bilatzen ahalegintzen jarraitzen dute.

Kinka larrian den Atalluko lantegia desagertzeak herri osoarentzako galera litzatekeela eta itxiera arrisku horri “herri gisa erantzun behar diogu” dio, EHBildu udal taldeak aurreko asteko osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen mozioak. Udalbatzak aho batez onartutako adierazpenak, langileei elkartasuna adierazi, laguntza eskaini eta bereziki, enpresako akzionista eta zuzendaritzari arduraz jokatzea eskatzen die. Premiazkotzat jotzen dute lantegiaren etorkizuna bermatu eta langileen baldintzak errespetatuko dituen bideragarritasun-plan sendo bat diseinatu eta aktibatzea.

Langileen esker ona

Udal talde guztiek mozioa babestu eta elkartasuna adierazi zieten langileei, eta orain arte bezala, Xabier Arregi alkateak elkarlanean segitzeko asmoa erakutsi zuen. Ingemarreko lan taldeko bost kide izan ziren udalbatza aretoan. Guztien izenean eskerrak helarazi zizkieten udal ordezkariei. Aurreratu dutenez, inbertsore batekin biltzekoak ziren egunotan, nahiz bizi duten egoera zaila bideratzeko esperantza gutxi duten.

Mozioko eskaerak

1- Usurbilgo Udalak elkartasuna eta animoa helarazi nahi die langileei, eta ahal duen neurrian laguntzeko konpromisoa hartzen du.

2- Agente guztiei eskatzen diegu arduraz jokatzeko, bereziki enpresaren akzionistei eta zuzendaritzari. Inork ezin du bere erantzukizuna ezkutatu.

3- Premiazkoa da bideragarritasun-plan sendo bat diseinatzea eta aktibatzea. Plan horren diseinuan parte hartzeko aukera eman behar zaie langileei, eta beraiekin adostu behar da. Era berean, beharrezkoa da administrazio publikoaren inplikazioa, plan hori aurrera ateratzeko eta inbertitzaile baten bilaketa errazteko.

4- Plan horrek Usurbilgo plantaren etorkizuna bermatu behar du, bertako enpresaren izaera zainduz, eta ez kanpoko interesei men eginez.

5- Plan horretan langileen baldintzak eta eskubideak errespetatu egin behar dira.