EAJ-PNVk elkartasuna adierazi nahi die Ucin-i eta bertako langileei

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 11a, 09:00

Jaien bezperan, argazkian ageri den pintada agertu zen frontoian. Gertakari horien aurrean, Usurbilgo EAJ-PNV alderdiak Ucin enpresari eta bertako langileei “elkartasuna eta laguntza” eskaini nahi die.

Jaietan frontoian egon den pintadaren inguruan, Usurbilgo EAJ-PNVk bere kezka eta ezinegona adierazi nahi du. Honela diote NOAUA!ra igorri diguten prentsa-oharrean:

“Lehenengoz, elkartasuna eta laguntza agertzen dizkie UCIN enpresari eta bertako langileei.

Gogorarazten du, zoritxarrez, ez dela lehenengo aldia horrelako pintadak ikustarazten dizkigutenik herriko hormetan. Berriro ikusteak iraganera eramaten gaitu, ustez gaindituta zeuden jarreretara eta portaeretara.

Nabarmentzen du herri honek sufrimendu gehiegi pairatu duela. Bakea, bizikidetza eta errespetua oinarrizko printzipioak eta baloreak dira. Horrexegatik, iraingarriagoa da egiaztatzea, oraindik ere, badagoela elkarbizitza zapuzten jarraitzen duena, guztion artean etorkizuneko elkarbizitza baketsua eraiki beharrean.

Aldarrikatzen du guztiok herriko jaiak festa giro alai eta baketsuan pasatzeko eskubidea dugula. Horrexegatik, ulertezina da batzuek beste herritar batzuei jaiak zapuztea. Hori guztia dela eta, EAJ-PNVk ekintza hau salatzen du”.