Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, Zubietako erraustegia eraikitzen hasteko tramitazio prozesua aurreratzen doa. Ezagutzera eman dutenez, GHK-k uztailaren 28an esleituko du proiektua. Erraustegia urte honen amaieran eraikitzen hasi eta 35 urtez kudeatzeko interesa duten enpresentzat, esleipen deialdi honetan parte hartzeko hasierako prezioa finkatu dute; 212 milioi euro. Enpresa hautatuak, hiru urte barrurako, 2019rako alegia ordaindu beharko du dirutza hau.
4 tratamendu planta Zubietan
Azpiegiturok eraiki asmo dituzte Zubietan. Foru Aldundiak aurreikusitakoaren arabera:
-"Energia balioztatzeko planta bat, bi linea izango dituena eta 200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena".
-"Tratamendu mekaniko-biologikoko zentro bat (TMB), errefusan agertzen diren baina birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena".
-"Biometanizazio-planta bat".
-"Zepak balioztatzeko zentro bat".
"Adi jokaldiari!"
Aipatu moduan, uztailaren 28an esleituko du GHK-k, erraustegia eraikitzeko proiektua. Adi egoteko deia egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez. "Uztailaren 28an pliegoak onartu nahi ditu, erraustegia martxan jartzeko pauso oso garrantzitsua. Oso tipikoa uda erdian, eztabaida gabe eta inposaketaz", ohartarazi dute. Uztailaren 28rako prestatzen joateko deia egin dute. "Erraustegiaren aurkako mugimenduak erantzun sendoa emango dugu 11:30ak baino lehenago bertan (Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan) izango gara. Prestatu maindireak eta adi deialdiei!", iragarri dute.