Hondakinen gatazkari bukaera eman nahi dion ekimen juridikoa erregistratu zuen duela astebete, GuraSOS taldeak. Ekimen juridiko honen bidez, “Foru Aldundiak hurrengo GHHKPOren bitartez martxan jarri nahi zuen parte-hartze prozesua zabalduko du, erraustegia egiteko erabakia bera ezbaian jarriz”. Gai honi buruzko eztabaida “lasaia, heldua, sakona, grinagabea eta proaktiboa” sustatu nahi du GuraSOSek, hondakinen plan berria onartu baino lehen. “Horretarako ez du egon behar ez baldintzatzailerik eta ez mugatzailerik aipatutako akordioa lortzeko”, gogorarazten dutenez. Akordio handi bat erdiestea litzateke eta, prozesu honen helburua, “denon artean onartutako eta adostutako irtenbidea”.
Esleipena suspentsioan
GuraSOSen eskaeraren legitimazio demokratikoa defendatzen dute. “Herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartzeko duen giza eskubidea eskubide unibertsala da”, gogorarazten dute. Eskaera erregistratu zuten unetik bertatik, erraustegia eraikitzeko lanen esleipena suspentsio egoeran geratu zen, eta hala egongo da, Aldundiak GuraSOSek eginiko eskaerari erantzun artean behintzat. Hilabeteko epea du Diputazioak erantzuna emateko. “Konbentzituta gaude foru arduradunek ez diotela ostu nahi gizarteari eztabaidatzeko eta eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakian parte hartzeko eskubidea, eta horregatik, egiten dugu eskari hau, aintzat hartua izango delako konbentzimendu osoan”, adierazi du GuraSOSek Donostiako agerraldian. Gogorarazten dutenez, oraindik gai honi buruz eztabaidatu eta akordioa erdiesteko garaiz gabiltza, “hartzeko dagoen politika publiko bati buruzko erabaki baten aurrean gaude, ez jada hartuta dagoen erabaki baten aurrean”. Ekimen juridikoa aurkezteko foru eta Batzar Nagusietako ordezkariekin biltzeko eskaera egingo du GuraSOSek.
GuraSOSen ibilbidea
2016/05/07: jendaurreko aurkezpena egin zuten Lasarteko kultur etxean. Manifestua aurkeztu eta sinadura bilketa kanpaina abiatu zuten.
2016/05/21: Dibulgazio zientifiko eta gizarte-elkarrizketarako jardunaldia antolatu zuten Orona-Ideon, osasun, hezkuntza eta gizarte-foroen bueltan. 300 lagunetik gora bildu zituen hitzorduak.
2016/06/16: partaidetzarako Herritar Elkarteen Foru Erregistroan izena eman zuen GuraSOSek.
2016/06/19: familia- eta gizarte-babeserako desfilea antolatu zuten Donostian, "Gure seme-alaben osasuna arriskuan? Inolaz ere ez!", aldarripean. Ehunka familia eta milaka lagun batu zituen Kontxako pasealekuan eginiko mobilizazioak.
2016/07/05: parte hartze prozesua zabaltzeko ekimen juridikoa erregistratu du GuraSOSek. Aldundiak erantzuteko hilabeteko epea du. Erantzuna jaso bitartean, erraustegiaren esleipen prozesua suspentsio egoeran izango da. Bestalde, manifesturako bildutako 15.079 sinadura, Lasarteko notaritzan erregistratu dituzte.
Informazio gehiago:
Web orria: gurasos.org
Facebook: Gurasos
Twitter: @tgurasos