2009an Usurbilgo hondakinen kudeaketa irauli zuen eguneroko ohitura aldaketa txiki batek, eredugarritasunaren mapan kokatu zuen udalerri hau. Inguruko herrietatik bakarrik ez, urrutiagotik, atzerritik ere begira ditugu. Esaterako, Erresuma Batuko Bristoletik. Hiriburu honetako hondakinak kudeatzen dituen enpresako ordezkari Lucie Pecinkova gure artean izan zen aurreko astean, atez ateko bilketa ezagutzen. Usurbilgo Udalaren eskutik, sistema honen inguruko argibideak jaso zituen. Eta jasotako informazioarekin eta ikusitakoarekin harrituta geratu da Lucie.
2015ean Hiriburu Berde izendatua, Zero Zabor hiriburu bilakatzeko bidea jorratzen dabiltza Bristolen. 500.000 biztanleko gunean, sistema mistoa dute indarrean; atez atekoa etxe txikietan, solairu askokoetan edukiontziena. Atez atekoa hedatzera jo nahi dute, oraindik orain, asko jota %40ko birziklapen tasara heltzen baitira.
Europak 2020rako ezarri duen %65eko birziklatze tasara heldu nahi dute eta horretarako, Europan zehar dauden esperientziak ezagutzen ari da Lucie. Esperientzia eredugarrien artean bila zebilenean izan zuen Usurbilen eta Hernanin emandako urratsen berri. Eta hemengo esperientziak frogatzen du bere ustez, eurek ere helburu horretara heldu daitezkeela, posible dela, atez atekoa hedatuz.