Hitzordu finkoa dugu jada jaien ostean, ibilgailu klasikoen topaketa ospatzea. Larunbat honetan, 25 urtetik gorako autoez eta motoez beteko zaigu frontoi buelta, indartzen doan ekimenaren baitan. Berrikuntzekin oraingoan. Usurbilgo ibilgailu klasikoen topaketa antzeko ekimenetatik bereizteko bidean gainera, ekimen berri bat ere ospatuko dute; auto klasikoekin egin nahi duten argazki rallya. Antolatzaileek proposaturiko hiru lekuetara joan beharko dute. Guneotako bakoitzean argazki bana atera, lekua, ibilgailua eta autoko matrikula argi ikusten dela. Guztia egiteko 3 orduko tartea izango dute parte hartzaileek. Gero frontoira itzuli eta antolatzaileei helarazi beharko dizkiete ateratako argazkiak. Ez da zirkuitua azkarren nork egingo duen neurtzeko rallya izango. “Ez da azkar joateko, lasai ibiltzeko, bakoitza bere erritmoan joateko baizik. Lasaientzako rallya da, inolako arriskurik gabekoa, jende askorentzat ezezaguna egun. Kotxe zaharrari egurra ematea gustatzen ez zaienentzat. Toki polit askoak ezagutzeko aukera ematen du. Itzultzen direnean kotxearen kilometro kopurua ikusiko dugu. Kilometro gutxien egin duenak irabaziko du”, iragarri dute antolatzaileek.
Saizarren egingo duten bazkariaren ostean, frontoian ospatuko den ekitaldian banatuko duten sarietako bat izango da, baina ez bakarra. Ibilgailu onena edota zaharrena ere sarituko dute, baita eguna antolatzen lagundu dutenek emandako hainbat opari zozketatu ere, parte hartzaileen artean. Argazki rallyan irteteko ibilgailuek gutxienez 25 urte izan beharko dituzte. Ibilgailu klasiko bat baldin baduzu, gerturatu larunbat goizeko 09:00etan frontoira.
Rally lasaiaz gain, ibilgailu klasikoak ikusteko aukera izango duzue larunbatean.
Kluba tramitatzen
Ibilgailu klasikoen topaketako antolatzaileak klub batean biltzeko tramiteetan dira. Usurbil Motor Kluba osatu dute eta bertan bilduko dira aurrerantzean, ibilgailu klasikoak dituztenak eta zaletuak. Larunbateko topaketaz gain, uda osterako ibilgailu minien kontzentrazio handi bat antolatzeko asmotan dira Usurbilen, “Europa mailako handienetakoa”. Lan handia eskatuko die, baina asmo horixe dute eskuartean.
Uztailak 16, larunbata
09:00-09:30 Argazki rallyan parte hartu nahi dutenen izen ematea frontoian.
09:30-12:30 Argazki rallyan parte hartuko dutenak frontoitik abiatuko dira. Orioko arraunetxearen atzealdean, Galarretako frontoian eta Zubietako hipodromoko takillan argazki bana atera beharko dute.
12:30 Argazki rallyan parte hartu dutenen ibilgailtuen etorrera frontoira.
Hamaiketakoa eta moto zaharren erakusketa Sutegi atarian. Autoena frontoian.
Eguerdian, bazkaria Saizarren.
16:30-17:00 aldera, Argazki rallyko sari banaketa frontoian eta kotxeak ikusgai berriz.
Antolatzailea: Usurbil Motorkluba.