Uda aurreko azken aurreko astekaria jasoko duzue egunotan. Azkena, astebete barru, uztailaren 22an argitaratuko dugu. Ordurako zorion agur edo oharrik baldin baduzue, uztailaren 18a izango duzue bulegora ekarri edo erredakzioa@noaua.eus helbidera bidaltzeko azken eguna. Uda osteko lehen aldizkaria, irailaren 9an argitaratuko dugu.
Bazkidetza kobratzea
Gutun edo emailez jakinaraziko dizuegun arren, ostiral honetan NOAUA!ko bazkidetza kobratzen hasiko gara, zuetako bakoitzak emana duzuen kontu zenbakitik. Eskuz ordaintzen duzuenok, dirua NOAUA!ko egoitzara ekar dezakezue edo bestela, NOAUA! K.E.-k Rural Kutxan duen kontu zenbaki honetan sartu: 3008 0259 11 3086496928. Bazkidetzaren prezioa zertxobait igo dugu aurten; 40 eurotara hain zuzen. Era berean, gogoan izan, NOAUA!ko bazkidetzari esker, Errenta Aitorpenean hobaria aplikatuko zaizuela. Horretarako ordea, zuen izen abizenez gain, NAN zenbaki osoa behar dugu letra eta guzti, bazkidetza zuen aitorpenean kontuan hartua izan dadin. Datuok eman gabe bazaudete, etorri lasai NOAUA!ko egoitzara eta hurrengo urteko Errenta Aitorpenean hobaria aplikatuko zaizue.
Beste NOAUA!kide bat, talasoterapiara
Bazkideen txokoan egiten ditugun zozketetako onuradun berria dugu. Oraingoan Izaro Matxain Odriozolari egokitu zaio 2 lagunentzako talasoterapia zirkuitua. Ondoko irudian dituzue senideak, saria jaso zuten unean. Halako sari bat tokatzeko zer egin duen? NOAUA!ko kide izatea. Ostegun honetan, uztailaren 14an, bat ez, 3 sari zozketatuko ditugu eta NOAUA!kideon artean; Orioko Aisian 2 lagunentzako gau bat pentsio erdian eta zirkuitu termala; 2 lagunentzako afaria Atxega Jauregian; eta azkenik, 2 lagunentzako bazkaria Olarrondo jatetxean. Zorte on!