Usurbilgo jaietako ebaluazio orria, ostegunerako entregatu behar da

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 13a, 08:35

Jaiak igarota balorazio ordua orain. Ospatu berri ditugun jaien balantzea egiteko bilera deitu du Jai Batzordeak, datorren astelehenerako, uztailaren 18rako, 18:00etan Potxoenean. “Santixabel jaiak bukatu dira, eta garrantzitsua iruditzen zaigu jaien balorazioa egitea, ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak bideratzeko”, adierazi dute Jai Batzordetik bilerara joateko gonbita luzatzearekin batera. Proposamenotatik abiatuko dira hain zuzen, 2017ko jaien antolaketa lanak. Hitzorduari begirako ohar bat; “egokia litzateke, egun horretarako, ahal balitz, diru-kontuak zuritzeko agiriak ekartzea”. Jaietan parte hartu duten taldeei ebaluazio-orria bidali zaie. Jai Batzordetik, ostegunerako, uztailaren 14rako helaraztea eskertuko lukete.

Datozen jaiak

Usurbilgo jaien ajea pasako zitzaizuelakoan, hartu eskutan zuen agenda eta apuntatu. Inguruotan hasi besterik ez baitira egin uda parteko ospakizunak. Jaien errondan hurrengoak, Zubietakoak izango ditugu. Uztailaren 23an, larunbat eguerdian murgilduko dira jai giroan, antolatua duten Mozorro Egunarekin. Kontzertuak, oilasko biltzaileak, Haur eta Jubilatuen Eguneko ekitaldiak eta Gaupasa Egun arrakastatsua programatu dituzte uztailaren 31ra arte.

Urdaiagako festen txanda izango da gero. Aldaketekin datoz, Jai Batzordean eraldaketa handia izan ostean, hiru ospakizun egun prestatu dituzte. Atxegaldeko festen antzera. Abuztuko azken asteburuan ospatuko dira auzo honetako jaiak. Edizio berezia izango dute datorrena; hamargarrena! Zehaztasun gehiago, datorren astekarian.

Egutegia

-Zubietako jaiak: uztailaren 23, 24, 25, 27, 29, 30, 31.

-Urdaiagako jaiak: abuztuak 3, 5, 6.

-Atxegaldeko jaiak: abuztuak 26, 27, 28.

-Santueneko jaiak: irailak 16,17 eta 18.

-Aginagako jaiak: urrian.

Usurbilgo jaiak 2016 iruditan: NOAUA! Argazkitegia