Txikitan lehen urratsak eman arren, duela sei bat urte hasi zen buru-belarri egun zinez gustuko duen zaletasuna lantzen. Bere kasa, zozketa batean egokitutako argazki kamera bat hartu eta gustuko dituen inguruotako txokoak erretratzeari ekin zion. Asteotan, bat baino gehiago harritu du Artzabalen bigarrenez jarri berri duen erakusketak. Ez baitzekiten, Maria Jesus Etxeberria usurbildarra argazkilaria ere badenik. Fin askoa, ikusi bestela, asteotan Gure Pakea Elkarteko jatetxean ikusgai jarri duen bilduma. Bere bidetik, halako afizioren bat duenak jendearekin partekartzera animatzen du Etxeberriak, lerrootan eskaini digun elkarrizketan.
Zaletasuna nondik datorkizu?
10 urte inguru nituela, kamera bat tokatu zitzaigun. Familian argazkiak ateratzen ibiltzen ginen jolas moduan. Gerora, duela 6 bat urte, kamera bat zegoen etxean eta harekin argazkiak ateratzen hasi nintzen. Eguraldia24 telebista katean argazkiak bidaltzeko deialdia egin zuten, eta bidaltzen zutenen artean, sarien zozketan parte hartu zezaketen. Argazki piloa bidali nuen. Kamera hobea behar nuen. Erosi ordez, ia zozketan tokatzen zitzaidan itxarotea erabaki nuen. Eta azkenean tokatu.
Zer moduzko tresna duzu?
Olympus bat da, reflex. Oso gustura nago. Orain kamera hobexeagoa, zoom handiagoa duena nahi nuke.
Paisaiak erretratatu zalea zara?
Ilunabarra, egunsentia, laino handi eta koloretsuak... Gehienetan kamera eskutan izaten dut.
Leku zehatzetara zoaz argazki bila?
Leku edo txoko batzuk hautatuak ditut eta hara joaten naiz; bai Usurbilen, Orion, Zarautzen leku batzuk ditut eta argazkiak handik ateratzen ditut, ahal bada beti leku desberdinetatik.
Iaz jarri zenuen ikusgai argazki bilduma bat Artzabalen. Nolatan animatu zinen?
Lagunak nituen, eta bertan argazkiak jartzea proposatu zidaten. Haiek animatuta, 12-13 argazki jarri nituen. Batek esan zidan, txiki samarrak zirela eta hurrengo batean handiagoak jartzeko. Orain handiagoak jarri ditut horregatik.
Zer ikus dezakegu asteotan Artzabalen?
Usurbilen ilunabarrean ateratako hiruzpalau argazki, elizako dorrea argitan ilargi txiki batekin ondoan, Usurbilgo herria eguzkia sartzen ari denean, Aginagan ateratako ardi batzuen irudia, Aieteko palazioko zisnea, Orioko hondartzako harkaitzak, Getariako sagua Oriotik aterata ilunabarrean… Salgai daude argazkiak.
Etxetik gertu ditugun txoko asko ezagutzeko aukera eskainiko zizun?
Hala da bai. Hemendik hasi eta Arratzain bidean, Agerre aldera txoko zoragarri askoak daude. Ibarrola aldera joanda, beste txoko zoragarri bat bidezidor batean. Troiako aldapa jaisten, eskuinera dagoen lur eremua ere oso polita da.
Paisaietan zentratu nahi duzu?
Orain pentsatzen nuen, paisaien hainbeste argazki izanda, beste mota bateko irudiak ere interesgarria litzatekeela ateratzea; pertsonei edo beste leku batzei, edo argazkiak txuri beltzean, aldatzeko.
Autodidakta izan zara.
Ez dut ikastaro bakar bat egin ere. Neure kontutik ikasi dut. Kamera nolakoa den aztertu eta harekin neure kabuz aritu izan naiz.
Argazkiak atera bezala erakusten dituzu edo tratatu zalea zara?
Ez dut argazkirik tratatzen. Kamerak eskaintzen dizkidan baliabideekin ateratzen ditut argazkiak. Atera bezala halaxe daude argazkiak. Politenak iruditu zaizkidanak jarri ditut ikusgai. Aukeraketa ez da lan erraza izan.
Argazki artxibo handia izango duzu honez gero?
Bai. 3 karpeta ditut, bete beteak. Txukunketa egin behar dut, zein utzi, zein kendu erabakitzeko.
Zure kasuan bezala, herrian izango da ezagutzen ez dugun afizio asko.
Egongo dira eta interesgarria da erakustea. Herritar gehiagok animatu beharko lukete. Herritar mordoa egongo da halako gauzak egiten dituena. Erakustera animatuko nituzke.