Usurbilgo Gaztetxeak martxan du berriz ere, Laboaren Uztaila musika zikloa. Bakarlarien saioez gozatzeko aukera izango dugu hilabetea amaitu arteko ostegun iluntzeetan, nola ez, Mikel Laboa plazan. Uztailaren 7an izan zen estreinako emanaldia; Ortomotor, Alitruta bakarlariaren proiektu berria entzuteko parada izan zuten Sutegi ingurura gerturatu zirenek. Ostegun honetarako berriz, afari beganoa eta bi bakarlarien emanaldia programatu dute. Honatx antolatzaileek helarazi duten egitaraua:
Uztailak 14, osteguna
20:30 Afari beganoa borondatearen truke. Menua: erremolatxa gazpatxoa, pikillo patea tofu ketuarekin, taboule eta olo gailetak.
22:00 Pelax eta Physis vs Nomos, "bi bakarlari elkarrizketa musikatuan". “Unai Pelayo donostiarra da Pelax. 2013ko azaroan hasi zen lehen bakarkako emanaldiak eskaintzen, bere ahots gordinaz eta gitarra elektriko zikin batez baliaturik. Hilabete batzuk aurrerago, 2014ko martxoan, bere lehen EPa kaleratu zuen, Pillotegiko saioak, lokalean perkusionista baten laguntzarekin zuzenean grabaturikoa. Rockaren maitalea izanik, abestiak atontzeko banda bat osatu zuen 2014ko apirilean. Geroztik bakarka zein taldearekin aritzen da, eta 40 kontzertutik gora eskaini ditu. Beñat Antxustegi (Donostia) Xikinkei eta txemak taldeetan aritutakoa besteak beste 2010ean hasi zen bakarkako abestiak sortzen physis versus nomos izenarekin. Bi diskoren ondoren Saudade izango den hirugarrena bukatzen du orain”.
Uztailak 21, osteguna
22:00 Joseba B. Lenoir bere bakarkako lanarekin. “Joseba Baleztena musikaria dago egitasmo honen atzean. Bera herriko mutila “Ameba. Sexty Sexers, Sumision City Blues. Johnny & Joseph, Oskar Benas y los Vampiros del Ritmo, etab” proiektuetan ibilia dugu. Willis Drummond, The Capaces, Petti etab.-eko zerrenda luzeko kolaborazioekin batera. Rock and Roll garratzenetik abiatuta, beste hainbat soinu eta estilo garatu ditu. Bere bakarkako ibilbidean, berriz, esperimentaziotik abiatuz, loop eta pedalek eskaintzen duten baliabide iturri amaigabean murgildu da. Betiere gitarra bidelagun duelarik, perkusioak, bateria, mandolina, banjoa eta definitu ezin diren tresna ugari gehitu dizkio. Informazio gehiago: josebablenoir.bandcamp.com
Uztailak 28, osteguna
22:00 Paxkal Irigoyen. “Dudarik gabe 2014an euskal eszenan entzun dugun proiekturik ederrenetarikoa da. Zezenaren Taldea edo Bilau taldearekin musika estilo ugari jotzen ditu. Oraingoan, Paxkalek proiektu pertsonalagoa eskaintzen du, post rock eta folk orkestralaren mugetan. 'Larrazken Orkestra'-k oholtza gainean lagundurik, biolontxelo, biolin, gitarra elektriko, esku soinu eta ahotsak elkarturik, zuzeneko tirabiratsu eta hunkigarria ematen du”.
Oharrak: kontzertu guztiak ostegun gauetako 22:00etan Mikel Laboa plazan, borondatearen truke.
Antolatzailea: Usurbilgo Gaztetxia.