Duela gutxira arte, udalerri honetan sortutako ur zikinak erriora bideratzen ziren. Martxoaz geroztik lanean den kolektore berriari esker ordea, ur zikinok Loiolako araztegira doaz. Ez denak, baina bai gehienak. Txokoalde, Aginaga eta Zubietako zenbait eremuek saneamendu sare honetatik kanpo segitzen baitute. Gutxi barru ordea, errealitate hau ere aldatzen joango da. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, hurrengo astean abiatzekoak dira "Lasarte-Oria eta Usurbilgo kolektore nagusiaren eta Zubietako saneamenduaren arteko loturaren eta hondakin uren ponpalekuaren proiektua egikaritzeko obrak".
Ponpaleku bat eraikiko da eta ponpaleku hau Usurbil eta Lasarteko interzeptorearekin lotuko da. Modu honetan, Zubietako ur zikin gehienak erriora isuri ordez, Loiolako araztegira bideratuko dira. "Obra horien helburua izango da, alde batetik, gaur egun Zubietan ubidera isurketak egiten diren gunearen alboan, hain zuzen Aliriko zubia eta Zerrategiaren arteko lur sailean, hondakin uren ponpalekua eraikitzea. Bestetik, egun Añarbek kudeatzen duen Lasarte-Oria eta Usurbilgo interzeptorearekin lotura egingo da Zubietako saneamendu sarean kolektore berri baten bidez", berri eman dute Udaletik.
340.000 euroko aurrekontua dute lanok, "Añarbeko Urak S.A.k bere gain hartuko ditu. Urbycolan, S.L. enpresa hautatu da lanak egiteko, eta lau hilabeteren buruan, azaroaren amaieran, obrak amaituta izatea espero da".
Irudia: Usurbilgo Udala, usurbil.us