Santixabeletako Bertsopaper Lehiaketako sarituen bertsoak

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 15a, 10:20

5 herritar aurkeztu dira aurtengo ediziora; Arantzazu Aranburu, Beñat Larrañaga, Imanol Zarautz, Iñaki Agirresarobe eta Jon Aizpurua. Lanotatik hiru hautatu behar zituen epaimahaiak, eta lehia estua izan omen da. Hartu duten erabakiaren berri, jaiak hasi aurretik eman zuten Sutegin ospatu zen ekitaldian. Iaz bezala, Imanol Zarautzek jantzi du 2016ko txapela. Jon Aizpurua eta Iñaki Agirresarobe izan dira saritu dituzten beste bi lagunak. Zorionak!

Sarituek idatziz aurkezturiko lanak, ezinhobeto abestuz aurkeztu zizkiguten kultur etxeko auditorioan. Albiste honetan beherago dituzue bertsopaper sarituak. Txapelketa sustatzen jarraitu asmo du Bota Punttubak. 2017an ospatuko den 41. edizioa indarberritzeko asmotan dira.

Sarituak

1-Imanol Zarautz: txapela, 200 euro eta oroigarria.

2-Jon Aizpurua: 150 euro eta oroigarria.

3-Iñaki Agirresarobe: 100 euro eta oroigarria.

Bertso txapelketako bertsoak

1. Saria: “Makatzetik sagarrondora”

Egilea: Imanol Zarautz.

1-Ibar luze ta haran sakonak

zein bizitoki lasaia

kimuak gora eguzki bila

lurrean bera sustraia

baina tamalez, bizitza, ez da

beti suertatzen alaia!

Igaro behar, behin gizakiak

ipinitako uztaia

bi urterekin bota zidaten

bizi osoko epaia

2-Gerri-gerrian sartu zidaten

dizdirakiko labana

bi arrakala luze ta sakon

egin arte ze afana.

Sufritu arren, sendatu nintzen

neure izerdiz ze lana

bi beso berri ernetu zaizkit

alde bakoitzera bana

Bihurtu naute hiltzear zeuden

bi kimu txikiren ama.

3-Hiru lau urtez bizitu nintzen

neure zaurien penetan

sufritu nuen uda, udazken

udaberri, neguetan

loretuz noa edertuz noa

badet indarra zainetan

ta oroitzen naiz lertxun itsusi

txiki haren ipuinetan

lehen arantzak nituen eta

orain bizi naiz loretan.

4-Eguzki epel ta euri langar

hain da giro aproposa

soineko polit bat osatu det

lorez, txuri ta arrosa

hain sentitzen naiz ederra eta

hain sentitzen naiz panpoxa

haran ilunei, ematen diet

kolorea, bizi-poza!

Erle txikiek aurtengo hontan

bapo behar dute goza!

5-Erle pixkorrek behin sarturikan

lore erdian gezia

bakarrik ezin det ta norbaitek

ekarri behar hazia

hola naturak urtero zintzo

bete ohi du gutizia

osatuko da uzta ederra

indarrez irabazia

hau da landare izatetikan

zuhaitzerako jauzia.

6-Aleak doaz itxura hartzen

kolore eta dizdira

dotoreenak joango dira

gizakiaren saskira

itxusienak hegaka doaz

iskiñoxoen kabira

eta lurrera jausten direnak

naturarentzako dira

hamaika lapur arrimatzen da

nere gerizpe azpira.

7-Biluztu naute sagar lapurrek

euren modu latzenean

tamalez euren beharra badet

ugalketaren unean

eguzki epel eta goxuan

ordua mozten denean

hostoak orbel bihurtu eta

haizek daramatzanean

bat ohartzen da sartu garela

udazkenan atzenean.

8-Ta orain datoz inortxok maitte

ez ditun egun arrotzak

gau luze ilun, bakarti, gogor

ta eguzki ordu motzak

jasango ditut eurite, txingor

ta jela-aldi zorrotzak!

Berriz maiatzen pizte ezkeroz

itzalitako bihotzak…

Holakoxiak izaten dira

sagarrondoen morrontzak!

2. Saria: “Hiyab”

Egilea: Jon Aizpurua.

1-Lehen eguna eta azkena

Iritsi ikasgelara

Atean ttak-ttak, bi kolpetxo ta

Maixtra hor datorkit ara!

Sartu orduko niganaturik

Ditut mila begirada

Izena ere esan behar ta

Ai ene! Zenbat algara!

Berritasuna onartzekoan

Hain zaharkituak al gara?

2-“Eseri zaitez, ene txikia,

hor, Maialenen alboan”

han hurbildu naiz, hari begira

lotsaren korapiloan

jarri orduko urrutiratu

ta utzi naute zokoan

nerabe batek arma zorrotzak

gordetzen ditu golkoan

baztertzen naute urruntasunak

suntsi nazakelakoan

3-Lehen unetik inguru dena

Aldrebestearen zama

Zuzendaria atea joka

Ta pasilora narama

Aitaren berri ba ote dudan

Ta zer moduz dugun ama

Elkarrizketa zuriegia

Gero irriparre bana

Kotoi artean gordeta dakar

zinez esan nahi didana.

4-“Zorionean Amira ez da

hau maite duzun Siria

eta Hiyab janztea hemen

da zama handiegia.

Aurreiritzi gehiegi dago,

Litzake erokeria,

Sinesmen denak onartu arren

Ezkutatu alegia.

Herri libre ta laiko batean

Bizitzearen egia”.

5-Orain artean paseak nago

Hainbeste gose ta gerra

Gero ihesa tokatu eta

Benetan ez da ederra

Mugarik muga, kilometroak

Itsaso ta mendizerra

Ongi etorri esaten zuten

Ta ez gaitezen haserra

Mezua Eder izanagatik

Mamian dago okerra

6-Erlijioa arazoa da

sarri Europa zaharrean

Elkar banatzen gaituelako

Elkar batu beharrean

Gelako horman, gurutze baten

Kristo da arbel parean

Amabirjinak eta Kristoak

Zuen bion bularrean

Neurrik berdinak hartzen al dira

beste fedeen aurrean?

7-Baina akaso arazoa da

Estalita nihoala,

Barne arauek muga dutela

Errespeta ditzadala.

Klasekideak begiratzeko

Egin dezagun eskala

Zenbat bixera, hamaika zapi

Ta dena horren “normala”

Nik zerbait oker egina badut

Jainkoak barka nazala.

8-Beraz zapiak arazoak ta

Saminak sortu ditzazke

Eta onena ileak libre

Uztea izan liteke

Zail egiten zait hau ulertzea

Benetan al da hainbeste?

Zapiak kentzen hasi ezkero

Ordenaz hasi gintezke

Begietatik kendu ezkero

Libreago giñateke

3. Saria: “Amaren itzala”

Egilea: Iñaki Agirresarobe.

1-Hazi ninduen altzoan,

xamurki era gozoan,

ferekatuaz azal leuna

nire haurtzaroan,

beso arteko lazoan,

oso era airosoan,

oroimen hauek gordeko ditut

bizitza osoan.

2-Nire aurreneko hatsa,

kenduz barneko arantza,

negar malkoak eta marruak

izerdizko latsa,

amaren beso ta hatza

agertu zen esperantza,

jaio orduko gertatu baitzait

niri iparrorratza.

3-Etxeko berotasuna

hori baita osasuna,

aholkuekin hornitu baitu

buruko garuna,

bizitzarako zentzuna,

guztiok behar duguna,

amari esker norabidea

izan da laguna.

4-Jasoa dut umorea,

benetan da ohorea,

eredu hori gertatu baita

nire balorea,

barrearen kolorea,

bizitzaren ondarea,

amari esker desegin baita

tristuran orea.

5-Nire bidegurutzean,

zailtasunezko trantzean,

amaren itzal saihestezina

izan dut atzean,

eltzetik babak heltzean

ta gogotik berotzean,

konturatu naiz sarraila dela

nire bihotzean.

6-Eguneroko lanean,

ohitura etengabean,

ezagutu dut haurrak haziaz

gogoz jardunean,

eskuzabal emanean,

ta ezer ez ordainean,

auzolana zer den ikasi dut

bere aldamenean.

7-Aberatsa du hizkuntza,

hari luzean joskuntza,

harririk harri, bazterrik bazter

hortik doa huntza,

euskararen eraikuntza,

sendotu zaigu gorputza,

nire mingainak berari esker

halako sorkuntza.

8-Amaren pazientzia,

berak duen garrantzia,

nire barnean ezin dudana

inoiz ahantzia,

nortasunaren jantzia,

bizitzari erantsia,

nire soinean daramat eta

ezin erantzia.