Oria eta errio inguruak biziberritzeko egitasmo bat baino gehiago martxan dugu azken aldian. Iraganean ontzigintzan Oriak izan zuen aparteko garrantziaz zer ikasia badugula erakutsi zigun, “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” Sutegiko erakusketak joan den maiatzean. Orain arte bezala, ur zikin gehienak erriora isurtzen segitzea saihestuko duen kolektore berria ere lanean da. Loiolako araztegira doaz Usurbilgo ur zikin gehienak. Gogoan izan, errioa eta inguruak biziberritzeko plana ere lantzen ari dela Usurbilgo Udala; “Errioa bizi!” izenekoa. Ekarpenak biltzeko parte hartze prozesua abian du. Hau guztia gutxi ez eta uda betean gauden honetan heldu zaigu, errioari loturiko laugarren proiektu berria; aisialdia eta turismoa uztartzen dituena.
Uda honetan Oriak dituen altxorrak gertutik, errio barrutik ezagutzeko aukera izango dugu. Errioaren jaitsiera egiteko moduan izango gara kayakean, hasi Txokoaldetik, Aginaga igaroz, Orioraino. 8 kilometro luze izango dituen ibilbide hau 2 ordu eta erdian egiteko moduan izango gara. Edozein kasutan, bidea nork bere erritmora egin ahalko du. Tartean gelditu eta bainu freskagarria hartzeko aukera ere izango da, nahi izanez gero. Ekintza berri hau, Orioko Arraunetxeko Arraun Aisialdi Gunetik bideratuko du eremu honetan lan egiten duen Begi-Bistan enpresaren eskutik. Bi eragileokin, Usurbilgo eta Orioko Udalekin eta Behemendi Elkartearekin batera elkarlanean bideratu da egitasmo berri hau.
Banaka, binaka nahiz taldeka egin ahalko da jaitsiera. Hori bai, ondo erreparatu, albiste honetan beherago duzuen ordutegien taulari. Uztailean astearte eta igandeetan, goiz edo arratsalde partez egin ahalko da jaitsiera. Abuztuan, asteazken eta ostiraletan. Goiz edo arratsalde partean baita. Korronteen alde egin nahi denez, hauen arabera egokitu dituzte jaitsiera ordutegiak. Kirol jarduera inklusiboa izateko sortua da egitasmo hau; alegia, denongan eta denok egiteko moduko ekintza izatea nahi dute sustatzaileek. Kayakak oso egonkorrak dira, ez dago urperatzeko arriskurik. Ingurumenaz gozatu, eta Oria inguruko balio historiko-kulturala ezagutzeko ekintza aproposa dela azpimarratu dute Usurbilgo Udaletik. Errioa ezagutu, errioaz gozatu eta ingurumenarekin errespetuzko hartuemana izateko aukera eskaintzen digu egitasmo honek.
Ingurumena zaintzen laguntzeko aukera
Ingurumenaren zaintzaz ari garela, sarritan ikusi dugu errio buelta plastikoz josia; bereziki uholdeak izan ostean, begi bistan utzi digu zenbat plastiko isurtzen diren oraindik ibaietara. Uda honetan jaitsiera egitera goazenean, ekimen sinboliko batean parte hartzera animatzen gaituzte. Norberak hiru hondakin plastiko biltzera; ingurumena zaintzeko egin dezakegun ekarpen praktikoa zalantza izpirik gabe.
Orioko Arraunetxera jo
Jaitsiera egitera animatzen denarentzat; materiala Orioko Arraunetxean bertan alokatu ahalko du. Bertan jasoko ditu argibide gehiago. Ordaindutako zerbitzuaren baitan sartzen da materialaren alokairua, Txokoaldera garraioa, eta Txokoaldetik Oriorako jaitsiera, Arraunetxeko aldagelen erabileraz gain.
Uztaileko ordutegiak
Uztailak 17: 16:30.
Uztailak 19: 16:30.
Uztailak 24: 10:00.
Uztailak 26: 10:00.
Uztailak 31: 16:30.
Abuztuko ordutegiak
Abuztuak 3: 16:30.
Abuztuak 10: 10:30.
Abuztuak 12: 10:30.
Abuztuak 17: 16:30.
Abuztuak 24: 10:30.
Abuztuak 26: 10:30.
Abuztuak 31: 16:30.
Informazio gehiago:
657 794 677