Erraustegiak osasunean izan dezakeen eragina "hutsaren hurrengoa" dela adierazi du Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok, berriki legealdiko lehen urteurrenaren harira, Euskadi Irratian eskaini duen elkarrizketan. "Gure ustez une honetan sistema modernoekin eta aurreratuenekin eginiko errauste plantek ez dute inolako eraginik osasunean", adierazi du, kazetariak, uztailaren 28an esleitzekoak diren proiektua, hondakinen arazoa konpontzeko irtenbide egokiena ote den galdetu dionean. "Hortik aurrera sortu nahi diren beldurrak, norberak jakingo du kontzientzia nola duen eta benetan zergatik egiten dituen", gaineratu du Olanok. Ahaldun Nagusiaren ustez, badira herritarron osasunean, bere esanetan "benetan" eragiten duten beste zenbait faktore; autoen joan etorria esaterako. "Une honetan badauzkagu elementu batzuk benetan osasunean eragiten dutenak, adibidez autoen trafikoa eta horrek eragiten duen kutsadura", adierazi du Olanok elkarrizketa berean.
Hondakinen arazoa behingoz konpondu beharra dagoela dio Ahaldun Nagusiak eta bi konponbide baino ez ditu aurreikusten. "Zabortegi berriak irekitzea" edota birziklatzea eta konpostajea ahal bezainbeste sustatu ostean, "soberakinekin energia sortzea", "energia berreskuratzeko sistema bat" martxan jartzea. Erraustegia alegia. "Hau da konponbidea eta konponbiderik onena", dio Olanok.
Kazetari berak, hondakinen bilketaz herritarrei eginiko kontsulten eredua, Gipuzkoa mailara esportagarria ote den galdetzen dio, erraustegiaz herritarrek duten iritzia ezagutzeko. Olanoren esanetan, iazko hauteskundeetako jeltzaleek eskuratutako emaitzak "legitimotasun osoa ematen du azpiegitura hauek martxan jartzeko. Esan behar dugu gainera, aurreko legealdian, 2007-11 artekoan, amaieran lizitazio prozesua martxan jarri genuela eta adjudikazioak eginak zeudela. Hori aurreko taldeak eten egin zuen. Oraingo honetan legealdi hasieran martxan jartzen dugu, herritarren aurrean hitz hori eman genuelako eta herritarrek horretarako babesa eman zigutelako".
Iazko hauteskundeetara alderdi bakoitza bere programarekin aurkeztu zela, eta bakoitzaren posizionamendua jendeak oso argi zuela dio.
Esteka honetan entzun dezakezue Ahaldun Nagusiaren elkarrizketa osoa (11:55 minututik aurrera): Markel Olano, erraustegiaz
Uztailaren 28an esleituko dute erraustegia eraiki eta kudeatzeko proiektua
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, Zubietako erraustegia eraikitzen hasteko tramitazio prozesua aurreratzen doa. Ezagutzera eman dutenez, GHK-k uztailaren 28an esleituko du proiektua. Erraustegia urte honen amaieran eraikitzen hasi eta 35 urtez kudeatzeko interesa duten enpresentzat, esleipen deialdi honetan parte hartzeko hasierako prezioa finkatu dute; 212 milioi euro. Enpresa hautatuak, hiru urte barrurako, 2019rako alegia ordaindu beharko du dirutza hau.
4 tratamendu planta Zubietan
Azpiegiturok eraiki asmo dituzte Zubietan. Foru Aldundiak aurreikusitakoaren arabera:
-"Energia balioztatzeko planta bat, bi linea izango dituena eta 200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena".
-"Tratamendu mekaniko-biologikoko zentro bat (TMB), errefusan agertzen diren baina birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena".
-"Biometanizazio-planta bat".
-"Zepak balioztatzeko zentro bat".
"Adi jokaldiari!"
Aipatu moduan, uztailaren 28an esleituko du GHK-k, erraustegia eraikitzeko proiektua. Adi egoteko deia egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez. "Uztailaren 28an pliegoak onartu nahi ditu, erraustegia martxan jartzeko pauso oso garrantzitsua. Oso tipikoa uda erdian, eztabaida gabe eta inposaketaz", ohartarazi dute. Uztailaren 28rako prestatzen joateko deia egin dute. "Erraustegiaren aurkako mugimenduak erantzun sendoa emango dugu 11:30ak baino lehenago bertan (Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan) izango gara. Prestatu maindireak eta adi deialdiei!", iragarri dute.