Gaitze, Heckler eta Viva Bazooka taldeekin musika gaua gaur, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 15a, 11:45

"Udaran ez dago treguarik Usurbilgo Gaztetxean. Uztailaren 15eko gauean Gaitze, Viva Bazooka eta Heckler taldeak ariko dira zuzenean. Azken hauek Suitzatik datoz Europan barnan egiten ari diren biran murgilduak. Hardcore/punk musika Basel (Suitza) hiritik. Kantu azkar eta energikoak egiten dituzte gorrotoz beterik, punk erritmo mantsoxeagoak ere tartekatuz; Gaitze, Azpeitiako hirukotea, Karkabako kide ohi batzuek osatutakoa, soinu punk gordin eta amorratua; Viva Bazooka, Gasteizko bateria-gitarra egiten duen bikote instrumentala da. Erritmo anfetaminikoak, melodi birikoak eta kanta likatsuak, ezin izango duzu entzuteari utzi autodestrukzio bukle batean". Usurbilgo Gaztetxeak antolaturiko kontzertua ostiral gau honetan, 23:00etan. Hitzordurako sarrera 4 eurotan.

Kontzertu gehiago igandean, uztailak 17. 21:00etan hasita, "crust" gaua, N.H.E., Ersatz eta Total Arse taldeekin Usurbilgo Gaztetxean. "Anima zaitezte!", luzatu dute gonbita:

N.H.E (No Human Existence) -  Bordeauxetik, crust/grind giro oldarkorretan.

ERSATZ - Bretaniatik, crust zinnia.

TOTAL ARSE - Zarauztik, crust bizarduna.

Bestalde, gogoan izan, Laboaren Uztaila zikloa antolatua dutela gaztetxekoek. Honatx hurrengo hitzorduen agenda:

Laboaren Uztaila 

Uztailak 21, osteguna

22:00 Joseba B. Lenoir bere bakarkako lanarekin. “Joseba Baleztena musikaria dago egitasmo honen atzean. Bera herriko mutila “Ameba. Sexty Sexers, Sumision City Blues. Johnny & Joseph, Oskar Benas y los Vampiros del Ritmo, etab” proiektuetan ibilia dugu. Willis Drummond, The Capaces, Petti etab.-eko zerrenda luzeko kolaborazioekin batera. Rock and Roll garratzenetik abiatuta, beste hainbat soinu eta estilo garatu ditu. Bere bakarkako ibilbidean, berriz, esperimentaziotik abiatuz, loop eta pedalek eskaintzen duten baliabide iturri amaigabean murgildu da. Betiere gitarra bidelagun duelarik, perkusioak, bateria, mandolina, banjoa eta definitu ezin diren tresna ugari gehitu dizkio. Informazio gehiago: josebablenoir.bandcamp.com

Uztailak 28, osteguna

22:00 Paxkal Irigoyen. “Dudarik gabe 2014an euskal eszenan entzun dugun proiekturik ederrenetarikoa da. Zezenaren Taldea edo Bilau taldearekin musika estilo ugari jotzen ditu. Oraingoan, Paxkalek proiektu pertsonalagoa eskaintzen du, post rock eta folk orkestralaren mugetan. 'Larrazken Orkestra'-k oholtza gainean lagundurik, biolontxelo, biolin, gitarra elektriko, esku soinu eta ahotsak elkarturik, zuzeneko tirabiratsu eta hunkigarria ematen du”.

Oharrak: kontzertu guztiak ostegun gauetako 22:00etan Mikel Laboa plazan, borondatearen truke.

Antolatzailea: Usurbilgo Gaztetxia.