Bero itzela espero da aste hasiera honetarako. Euskalmet-ek alerta laranja jarri du indarrean, "muturreko tenperatura oso altuengatik. Tenperatura maximoak 35 ºC-ra igo daitezke kostaldean, 39 ºC-ra kantauri isurialdearen barnealdean, 37 ºC-ra iragate-zonan eta 38 ºC-ra Ebro ondoko eskualdean". Abisu horia ezarri dute baita, tenperatura altu iraunkorrengatik eta sute arriskuagatik ere. Giro sargoria astelehen eta asteartean mantenduko da. Asteazkenerako aldaketa dator.
Uztailak 18, astelehena
"Gaur bero itogarria espero dugu. Gaur ere, giro eguzkitsua izango da. Aurreko egunetan ez bezala, hego-ekialdeko haizeak joko du egun osoz eta hegoaldetik aire-masa bero bat ekarriko du. Honela, tenperatura maximoak asko igoko dira eta 35-40 ºC artekoak izango dira ia lurralde osoan. Arratsaldean kostaldeko hainbat puntutan brisa sar daiteke, giroa apur freskatuz bertan".
Uztailak 19, asteartea
"Biharko giroa ere sargoria izango da. Eguzkia jaun eta jabe izango da, eta arratsaldean eta gauean bero-hodeiak ugarituz joango dira barnealdean. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero eta oso altuak izango dira; balio altuenak 39-40 ºC-ren bueltan egon daitezke berriro hainbat puntutan. Haizea egunaren lehenengo partean hego-ekialdetik joko du, baina arratsaldean kostaldean mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, eta indarrez sar daiteke, lehenengo Bizkaian eta arratsaldearen bukaeran Gipuzkoan eta Lapurdin. Haize aldaketa honekin, kostaldearen mendebaldean tenperatura maximoak baliteke aurreko egunean baino pittin bat beherago geratzea".
Uztailak 20, asteazkena
"Asteazkenean tenperatura jaisten hasiko da. Ipar-mendebaldeko haizeak joko du eta honela tenperatura asko jaitsiko da. Dena dela, barnealdean balio beroenak oraindik 30 ºC-tik gora ibiliko dira eta 25 ºC-ren bueltan kostaldean. Zeruan hodeiguneak ikusiko ditugu eta han-hemenka zaparradaren bat edo beste bota dezake, eta ez dugu baztertzen tarteka trumoi-ekaitza lehertzea".
Informazio eguneratua: euskalmet.euskadi.eus