Herri galdeketa auzoka egingo da

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 18a, 13:37

Jaietan iragarri moduan, erraustegiaz galdetuko zaie herritarrei iraila amaieran. Erraustegia egitea nahi den edo ez erabakitzeko aukera izango dute aginagar, usurbildar eta zubietarrek, irailaren 30etik urriaren 2ra. Astelehen eguerdi honetan galdeketa honi begira finkatu den prozedura aurkeztu dute sustatzaileek, Erraustegia Erabakia herri plataformako kideek, Potxoenean egin duten agerraldian.

"Hitza ukatzea ez da inolaz ere onargarria"

Datorren herri galdeketari buruzko protokoloaren aurkezpenean onartezintzat jo dute, hainbesteko kezka eragiten ari den gaiari buruzko iritzia ematea ukatzea herritarrei. "Urteak daramagu erraustegiaren polemikarekin. Eta ez da kontu hutsala, ezta gutxiago ere. Herrian tentsioa eta kezka eragiten duen gaia da, eta zentzu honetan, gure ustez, tamaina horretako kezka sortzen duen gai baten inguruan herrritarroi hitza ukatzea ez da inolaz ere onargarria. Are gehiago oraindik, galdeketa ofizialaren aldeko saiakera egin ondoren, Udalak ezezkoa jaso duenean", adierazi dute Maialen Unanuek eta Patxi Azpirotzek.

Datorren galdeketa, herrian gai honekiko dagoen kezka handiaren adierazgarri izango dela aurreikusten dute. "Bi hilabete barru egitera goazen herri kontsulta honetan ere parte hartze maila handia izatea espero dugu. Herritarren kezkari eta eskaerari erantzuten diolako galdeketa honek", Erraustegia Erabakia herri plataformakoen esanetan.

Aurrekariak

Erraustegiari buruzkoa ez da udalerri honetan egingo den lehen galdeketa izango. Erabaki garrantzitsuez, ika-mika edo kezka eragiten duten gaiez galdetu izan zaie lehendik usurbildarrei. Badira bi aurrekari; 1998an Urbil merkataritza guneaz eginiko galdeketa, edota 2010eko otsailean hondakinen bilketa sistemari buruz antolaturikoa. "2010eko kontsulta horretan bozka emateko eskubidea zutenen %70a baino gehiagok parte hartu zuen. Datuak ongi frogatzen du herri honek badakiela inplikazio eta partehartze maila altua lortzen, gai garrantzitsuei buruz galdegiten diotenean", nabarmendu dute herri plataformako kideek, Potxoeneko agerraldian.

Berme Batzordea

Erraustegiari buruzko galdeketa hiru egunez eta auzoka egingo da. Urriaren 2an, galdeketa amaieran egingo da bozka zenbaketa, "ekitaldi publikoan". Emaitzen berri emango zaie herritarrei, baita Usurbil eta Donostiako Udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Gardentasuna eta zuzentasuna bermatze aldera", Berme Batzordea osatzeko lanean ari da Erraustegia Erabakia herri plataforma. "Herritarren artean osatuko da Berme Batzorde hori eta nortzuk osatzen duten jakinaraziko dugu aurrerago. Berme batzordearen zeregina galdeketa prozesu osoa ikuskatzea eta protokoloak ezartzen duenaren arabera betetzen dela bermatzea izango da", iragarri dute.

Herri galdeketarako jakin beharrekoak

Egunak: irailak 30 (ostirala), urriak 1 (larunbata) eta urriak 2 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek. Guztira, 4.106 lagunek izango dute bozkatzeko aukera.

Galdeketa auzoka:

Irailak 30, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 1, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 1, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 2, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatuko ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.