Lankidetzarako hitzarmena sinatu dute Garabide Elkarteak eta Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 18a, 12:56

Bi urterako hitzarmen honen baitan, Usurbilgo Udalak urteko 6.000 euroko laguntza bideratuko du Garabide Elkartera, "munduko hizkuntzen biziberritze proiektuak indartzen laguntzeko; modu intentsiboan kitxua, nasa, nahuatl eta kaqchiquel herrienak eta, bigarren mailan, maputxe, aimara, maya yukateko, amazigh eta kurduenak". Trukean, Garabide Elkarteak "merezitako aitortza publikoa egiteko konpromisoa ez ezik, Aditu Titulua dela-eta atzerriko ikasleen udazkeneko egonaldia baliatuz, usurbildarrengan hizkuntza minorizatuekiko sentsibilitatea pizteko Udalarekin adostutako ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartzen du".

Kooperazio era berrian lan egiten, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza sustatzen urteak daramatza Garabide Elkarteak. Denbora darama, garapen-bidean diren herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak bultzatzen. Helburuokin:

1.- Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

2.- Norabide horretan, munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor batzuetan gauzatzen dira, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz.

3.- Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.

Informazio gehiago: garabide.eus

Ondoko irudian hitzarmena sinatu duten unea. Ezkerretik eskuinera: Txema Abarrategi Garabide Elkarteko kidea, Xabier Arregi alkatea eta Xuban Zubiria zinegotzia.